50 lagun murgildu dira Bedaioko mendietan barrena

Leyre Carrasco 2022ko irailaren 25a

XV. Bedaioko Mendi Martxa izan da goizean. Bi ibilbide ezberdin zituzten aukeran parte hartzaileek, eta bakoitzak egokien ikusi duen ibilbidea egitera animatu da.

Eguraldi txarra iragarrita bazegoen ere, goizean euria ez da oztopo izan mendirako, eta hainbat mendizale animatu dira Bedaio inguruko mendiez gozatzera. Hain zuzen, 50 lagun izan dira goizean Bedaioko frontoitik abiatu direnak. Aurreko urteetan baino parte hartzaile gutxiago izan direla adierazi dute antolatzaileek, baina ohitura pixkanaka berreskuratzen jarraituko dutela azpimarratu dute. Hala ere, pozik azaldu dira, eta eskerrak eman dizkie proba egitera animatu direnei.

Mendizaleek bi ibilbide ezberdin zituzten aukeran: Luzea eta motza. 20 lagun izan dira luzea egitera animatu direnak. Hauek goizeko 07:30etan abiatu dira eta 23 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute Zabalki, Larrondo, Artubigaina, Urreako Haitza, Zarate, Añi, Jazkugaina eta Eskoletxetik igarota. Artubiko gaina izan dute punturik altuena (1.262 metro), hain zuzen. Bigarren ibilbide aukeratu dutenek, berriz, 08:30etan irten dira eta 16,5 kilometroko ibilbidea egin dute. Kasu honetan, Zabalki, Urreako Haitza, Zarate, Añi, Jazkugaina eta Eskoletxe barrena igaro dira.

Bakarrik, bikotean, lagun artean edota familian gozatu dituzte Bedaio inguruko parajeak. Martxa amaituta frontoian elkartuko dira guztiak batera eta bertan hamaiketako izango dute zain, gorputza berotu eta indarra berreskuratzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!