Euskadi Brass taldekoak eskola magistralak ematen ari dira

Jon Miranda Labaien 2022ko ira. 24a, 10:30

40 ikasletik gora bildu dira Eduardo Mokoroa musika eskolan, Alcoyano txarangak 75. urteurrenaren harira antolatutako ekimenean; Euskadi Brass taldeko musikariak ari dira irakasle eta taldeak kontzertua eskainiko du gaur 19:00etan Santa Klaran.

Alcoyano txarangak bere 75. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldien barruan, gaur, eskola magistralak antolatu ditu Tolosako musika eskolan. Euskadi Brass taldeko Erlantz Fernandez, Luis Fernando, Alejandro Garcia, Oscar Abella eta Dani Garay gonbidatu dituzte eskolak ematera, eta hurrenez hurren, tronpeta, tronpa, tronboia, tuba eta bonbardinoa, eta perkusioaren inguruko azalpenak emango dituzte goiz osoan zehar. 40 ikasle baino gehiagok eman dute izena eskola hauetan.

Eguerdira arte ariko dira goi mailako bost musikari hauek eskolak ematen eta ondoren, 12:30etik 14:00era, Euskadi Brass taldearen entsegu didaktikoa zuzenduko du Alberto Urretxo taldearen sortzaile eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronboi bakarlariak.

Arratsaldean, 19:00etan, Alcoyano txarangak antolatuta, Santa Klara komentuko elizan Euskadi Bass taldeak kontzertua eskainiko du publiko guztiarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!