Nerea Eizagirrek eta beste 14 jokalarik Espainiako selekzioan jokatzeari uko egin diotela azaldu du federazioak

Ataria 2022ko irailaren 23a

Espainiako Futbol Federazioak ostegun gauean oharra zabaldu zuen. Bertan esaten zuenaren arabera, 15 jokalariren e-maila jaso zuten. Jokalarien eta entrenatzailearen arteko liskarra duela hiru aste lehertu zen.

Espainiako federazioak azaldu duenez, 15 jokalariren mezua jaso zuten atzo arratsaldean, tartean, Nerea Eizagirre tolosarrarena. Espainiako selekzioarekin ez zutela jokatuko azaltzen zuten mezu horretan jokalariek, "egoera aldatzen ez den bitartean". Ez jokatzearen arrazoia, honela azaldu zuen federazioak: "Egungo egoerak euren osasunean eta animoan eragin kaltegarria sortzen dielako". 15 jokalariek ez dute oraindik adierazpen publikorik egin.

Zerrenda horretan, Nerea Eizagirre eta Amaiur Sarriegi Realeko jokalariak azaltzen dira.

Abuztu amaieran, Espainiako futbol selekzioan jokalarien eta Jorge Vilda entrenatzailearen artean talka izan zen. Lehenak kexu agertu ziren Vildaren entrenatzeko moduarekin eta hartutako hainbat erabakirekin. Urak baretu zirela zirudienean, jokalariek berriro azaldu dute euren kexa Espainiako selekzioari uko eginaz.

Espainiako Futbol Federazioak esan duenez, jokalari horien erabakia "oso larria" izan da. Espainiako selekzioari uko egiteak 2 eta 5 urte arteko inhabilitazioa ekar lezakeela gaineratu du. Hala eta guztiz ere, egoera hori ez dela emango onartu du federazioak, ez behintzat hurrengo deialdian. Izan ere, federazioak aurreratu duenez, jokalari horiek ez dira egongo deialdi horretan, eta "jubenilekin jokatu behar baldin badugu horrela egingo dugu", esan du. Amaitzeko, Jorge Vilda entrenatzaileari berriro ere bere babesa azaldu dio Espainiako Futbol Federazioak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!