Finkatu dituzte urte amaiera bitarteko Tolosako azoka berezien datak

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 22a, 18:59

Guztira bost azoka berezi ospatuko dira urtea amaitu bitarte eta berrikuntza nagusi batekin: Esneki, gazta eta esnekiei eskainitako azoka berezia, azaroaren 3tik 5era izango da.

Tolosa prest da azoka berezien denboraldi emankorrena bizitzeko. Izan ere, urte bukaerara arte, bost ekitaldi gastronomiko egingo dituzte herrian. Egutegi horretako berrikuntza nagusia Esneki izango da, gazta eta esnekiei eskainitako azoka berezia. Azaroaren 3tik 5era ospatuko da, lehen aldiz. Euskal Herrian egindako mota guztietako gazta txapelketaz gain, tailerrak, dastaketak eta profesionalentzako kongresu bat izango dira, besteak beste.

Hori baino lehen, klasiko bihurtu diren bi hitzordu izango dira. Batetik, Mikologika, Tolosako Kasino elkarteak antolatutako onddo eta perretxikoen festa; urriaren 20aren eta 22aren artean ospatuko da. Bestetik, astebete beranduago Goxua, gozoaren azoka.

Babarrunaren Festa, urteko beste hitzordu garrantzitsuenetako bat, azaroaren 19an ospatuko da, Euskal Jaiarekin batera. «Perla beltzari eta bere sakramentuei lotutako guztia, jai giroarekin eta musikarekin uztartuko ditugu beste behin», esan dute udaletik. Urteko azken azoka berezia Gabonetakoa izango da, elikadura, animalia eta mota guztietako artisau-postuak bilduko dituena, abenduaren 17an.

Aurten, Eliker, Tolosako kalitatezko elikaduraren zentroak koordinatu eta dinamizatuko ditu ekitaldi horiek guztiak. Eusko Jaurlaritzak, HAZI-k eta Tolosako Udalak aurten sustatu dute zentro honen sorrera. «Eskualdeko elikadura katea osatzen duten eragileak estimulatu eta elkarlana eta sinergiak sustatzeaz gain, Elikerren beste lan-ildo nagusietako bat, hain zuzen, merkaturatzeko modu berriak bilatzea da».

Urte amaierara bitarteko Tolosako azoka berezien datak:

  • Mikologika: urriak 20-21-22.
  • Tolosa Goxua: urriak 29.
  • Esneki: azaroak 3-4-5.
  • Babarrunaren azoka: azaroak 19.
  • Gabonetako azoka: abenduak 17.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!