Maila handiko saskibaloia ikusteko aukera izango da Usabalen

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 20a, 16:55
Tolosako Udaleko, TAKE klubeko, Euskal Federazioko eta kopan parte hartuko duten hiru saskibaloi taldeetako ordezkariak.

Ostiraletik igandera bitarte saskibaloiko Emakumezkoen Euskal Kopa izango da jokoan Tolosako kiroldegian. Estatuko maila gorenean ari diren IDK Gipuzkoa, Lointek Gernika Bizkaia eta Kutxabank Araski taldeek euren artean jokatuko dute txapelduna erabakitzeko.

Ostiralean 19:00etan, IDK Gipuzkoa eta Kutxabank Araski taldeek jokatuko dute norgehiagoka. Larunbatean, 18:00etan, Kutxabank Araski eta Lointek Gernika Bizkaia, eta igandean, 12:00etan, Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Gipuzkoa. Berdinketa izanez gero hiru taldeen artean, puntuen aldeak erabakiko du zein den irabazlea. Partida bakoitzeko sarrerak hiru euro balioko ditu.

Olatz Peon Tolosako alkateak nabarmendu du emakumezkoen txapelketa dela: "Gizarte berdinzaleago baten alde urratsak ematen jarraitzeko ezinbestekoa da kirolean emakumezkoen presentzia areagotu eta ikustaraztea, gure gizartean gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eza gehien nabarmendu den esparruetako bat kirolena delako". Kirol esparrua ere emakumeena dela gaineratu du: "Horregatik da garrantzitsua txapelketak antolatu eta horiei sona eta hauspoa ematea, gazteengan erreferentziazko emakume kirolariak sustatzeko, kirol praktikan emakumeak funtsezko eragileak garela aldarrikatzeko, emakumeak kirolean ere badirela esateko, eta protagonistak direla ikustarazteko".

Tolosako Udalean "berdintasunaren aldeko konpromiso irmoa" dutela azaldu du Peonek: "Lanean jarraitu nahi dugu bide horretan, berdintasuna sendotzeko eta errotzeko, berdintasuna errealitate bilakatzeko eta emakumeak ahalduntzeko. Emakumeok gure tokia har dezagun, kirolean bezala, gainerako esparruetan ere". Bide batez, herritarrak gonbidatu ditu asteburuan izango diren norgehiagokaz gozatzera.

Bere aldetik, Joxe Mari Villanueva Kirol zinegotziak Tolosako udal gobernuak kirol esparruan dituen lerro estrategikoak ekarri ditu gogora: "Kirol politika berdinzaleak bermatzea, generoari lotutako rolak apurtzen joateko; kirol elkarteen eta kluben egiturak sendotzea, talde guztien jarduna babestuz; kirol modalitate guztiak eta ezberdinak babestea, eta kalitatezko kirol instalazio eta ekipamenduak bermatzea kirol praktika oro bultzatzeko helburuarekin. Txapelketa hau aurkeztea gure konpromiso eta gure lanaren isla zuzena da". Udala "gizarte parekideagoa eraikitzeko" lanean ari dela gaineratu du, eta baita herritarren artean "bizi ohitura aktibo eta osasuntsuak errotzeko" lanean ere. Bide batez, eskerrak eman dizkio Euskal Federazioari Euskal Kopa Usabalera ekartzeagatik, eta TAKE saskibaloi taldeari antolakuntzan parte hartzeagatik.

TAKE klubeko Koldo Arsuaga presidenteak gogora ekarri du Emakumezkoen Euskal Kopa Usabalera ekartzeko aukera sortu zenean, berehala lanean jarri zirela, eta harremanetan jarri zituztela udala eta euskal federazioa. "Ikusi genuen gure herrian sekulako aukera zela emakumezkoen kirola sustatzeko", esan du Arsuagak eta eskertu dio bai federazioari eta baita udalari egin duten esfortzuarengatik. "Hiru talde hauek Tolosara ekartzea aparta da", gaineratu du. "Tolosan bere garaian apustu bat egin genuen berdintasunaren eta saskibaloiaren alde. Gure taldea hasieran mutilezkoena bakarrik zen, eta orain urte batzuk hasi ginen emakumeekin lanean. Gure apustua da emakumezkoen saskibaloiaren alde, eta gaur egun mutiletan zein nesketan hainbat talde ditugu". Horrelako txapelketa bat Usabalen jokatzea TAKE klubarentzat bere saskibaloiari beste bultzada emateko beste aukera bat dela azaldu du. "Alde horretatik, Tolosa eta Tolosaldeko jende guztiari Usabalera etortzeko deia egiten diogu. Gustutako litzaiguke Usabal beteta ikustea". Bide batez, hiru taldeen duten maila handia nabarmendu du.

Luis Maria Sautu Saskibaloiko Euskal Federazioko presidentea ere izan da txapelketaren aurkezpenean: "Euskal Kopa nabarmenenetako bat aurkezteko elkartu gara. Lehenbizi, hiru talde ditugulako maila gorenean, eta hori erkidego gutxik esan dezakete, eta hori dena hiru klubetan egiten ari diren lan bikainarengatik da. Hiru talde erreferentziazkoak dira estatu mailan, eta oso balorazio handia dute saskibaloi munduan. Partida oso interesgarriak ikusiko ditugula ziur nago". Hiru klubetan entrenatzaileak emakumezkoak direla azpimarratu du: "Pauso oso garrantzitsua da emakumearen promoziorako kirolean, eta baita kiroletik kanpo ere".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!