Alzheimerrari ikusgarritasuna emango diote, "gizarte osoari eragiten diolako"

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 19a, 18:07
Mertxe Orte Buru Bihotzez elkarteko lehendakaria, Olatz Peon Tolosako alkatea, Ana Mari Monje Inmakulada Lanbide Ikastolako zuzendaria eta Eider Murgiondo Tolosako erizainen koordinatzailea, 'Ez gaude bakarrik' irudiaren aurrean.

Alzheimerraren Munduko Eguna izango da asteazken honetan, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte, herritarrak sentsibilizatzeko eta gaixotasunak eragindako pertsonei zein senideei begira.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aldarrikatutako Alzheimerraren Munduko Egunaren harira, hainbat ekitaldi izango dira datozen egunetan Tolosan. Batetik, egunean bertan irailaren 21ean, dementziaren inguruko informazioa emango dute Tolosako anbulatorioan, memoriarekin lotutako jolasak egingo dituzte Trianguloa plazan eta dementziaren inguruko hitzaldia izango da. Bestetik, irailaren 28an, Dementzia Bizitzen programa aurkeztuko dute Tolosako kultur etxean.

Alzheimerra eta beste dementzia motak dituzten Tolosaldeko gaixoez eta senideez osatutako elkartea  da Buru Bihotzez, eta bertako lehendakaria da Mertxe Orte. "Alzheimera eta beste dementziaren bat duten Tolosaldeko familiei laguntza ematen jarraitzen dugu, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak ematen digun laguntzari esker, eta gurera etorri nahi duten guztiek ateak zabalik dituzte", esan du.

Bi lerrotan egiten dute lan bereziki. Batetik, hamabostean behin biltzen dira familiak elkarlaguntza taldean psikologo batekin. Aurten sustatu nahi duten arreta psikologiko pertsonalizatua ere badute, "bereziki gaizki pasatzen ari diren familiei zuzendua". Bestetik, Dementzia Bizitzen izeneko programa dute. Pasa den urtean jarri zuten martxan Inmakulada Lanbide ikastolarekin batera; "Programa berria da eta oso ondo funtzionatu du; gaixoaren bizi istorioa jasotzen dute eta horren arabera ematen dute zerbitzua".  Bertan izena emateko aukera dagoela oraindik gogoratu dute.

Buru Bihotzez elkarteko familiek formakuntza ere jasotzen dute, Inmakulada ikastetxearen babesarekin. "Gaixotasunaren inguruan formatzea da helburua, gehiago baldin badakigu gaixoa hobe zaindu ahalko dugulako".

Ana Mari Monje Inmakulada Lanbide Ikastolako zuzendariak esan duenez, Buru Bihotzez elkartearekin egiten duten lana "funtsezkotzat" dute. Hala, familiei eskaintzen zaien babes pertsonalizatua indartu asmo dute aurten. "Eskaera gero eta handiagoa da, eta astero eskaintzea pasa nahi dugu". Familiei ematen zaien formazioa ere sustatu nahi dugu, eta baita Dementzia Bizitzen programa ere. Hain justu, Igone Etxeberria psikologoak eta Asier Arrizabalaga fisioterapeutak elkarlanean sortu eta zuzendutako programak izan dituen ondorioak aurkeztuko dituzte, eta familien esperientziak entzuteko aukera ere izango da irailaren 28an, 18:00tan Tolosako kultur etxean egingo duten saioan.

Buru Bihotzez elkarteak Osakidetzaren lana eta babesa ere eskertu du. Hain justu, Eider Murgiondo Tolosako erizainen koordinatzaileak asteazkenean, Alzheimerraren Munduko Egunaren harira, dementzia gizarteratu eta gaixotasunak eragindako pertsonei zein senideei begira, Buru Bihotzez elkartearekin zein udaletxearekin batera hainbat jarduera antolatu dituztela azaldu du. "08:30etik 11:00etara dementziaren inguruko informazioa emango dugu Tolosako anbulatorioan; 16:30etik 18:00etara memoriarekin lotutako haurrentzako jolasak egingo ditugu Trianguloa plazan, eta 17:00etan, dementziaren inguruko hitzaldia izango da Maria Camara neurologoaren eskutik, Harizpe jubilatuen elkartean. 

Olatz Peon Tolosako alkateak esan du "gizarte osoari" eragiten dion gaixotasuna dela Alzheimerra. "Dementzia motarik ohikoena da, 40.000 pertsona baino gehiagori eragiten dio Euskadin, eta 700 familia ingururi Tolosaldean. Horregatik, ezinbestekoa da erakundeen, eragileen, ikastetxeen eta herritarren artean elkarlanean eta bat eginda lanean aritzea, estigmak atzean utziko dituen Tolosa inklusiboago eta solidarioago baten alde, herritarren kontzientziazioan aurrera egiteko, betiere, kaltetuen eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin". Ildo horretan, Buru Bihotzez elkarteak egindako lana balioan jarri du eta elkarteak egindako ekimen eta ekintza guztiak babesten eta laguntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, "dementzia duten pertsonen eta familia zaintzaileen ongizatea ahal den neurrian hobetzeko".

Antolatu dituzten ekitaldiez gain, gaia gizarteratze aldera, pankarta ere jarri dute Tolosako kultur etxearen kanpoaldean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!