ELKARRIZKETA

«Zutitu eta dantza egitera animatuko ditugu»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 25a, 07:59
Ander Murillo, Itziar Arkauz, Danel Teran eta Josu Zubia –Potx– dira, Potx eta Lotx taldea osatzen dutenak. POTX ETA LOTX

Potx eta Lotx pailazoek lehen aldiz zapalduko dute Tolosako Leidor antzokiko oholtza, urriaren 8an; haurrentzat bakarrik ez, gurasoentzat ere baden 'Kaleak bizirik' ikuskizuna eskainiko dute. Josu Zubiak, Potx pailazoak, eman du ikuskizunaren berri.

Tolosako Leidor antzokira igoko dira lehen aldiz Potx eta Lotx pailazoak, urriaren 8an. 17:00etan hasiko da eta ordubete pasatxoko iraupena duen Kaleak Bizirik ikuskizuna eskainiko dute. Josu Zubia dago Potx pailazoaren barruan eta Tolosaldeko Ataria-k berarekin hitz egin du. Itziar Arkauzek gorpuzten du Lotx pailazoa. Lau lagun igotzen dira, ordea, taula gainera, eta Danel Teran eta Ander Murillo dira pertsonaia ezberdinak taularatzen dituztenak.

Hasteko, nortzuk dira Potx eta Lotx pailazoak?

Potx eta Lotx pailazoek 2017an ikusi zuten lehen aldiz oholtza. Pailazoaren esanahira edo bere izate klasikora hurbiltzeko ahaleginean jaio ginen. Bai gizartea irakurtzeko moduan, bai haurrei zuzentzeko moduan, bai gurasoei zuzentzeko moduan,... ispilu bat eskaini nahi diegu, umoretik eta satirara iristen ez den ironiatik.

Nolatan hasi zineten?

Itziar Arkauz eta biok Oñatiko Irazan antzerki gunea sortzen hasi ginen. Eta hor deskubritu genituen pailazoak; clownak. Noski, pailazoak guri betidanik asko gustatu izan zaizkigu. Txirri, Mirri eta Txiribiton; Pirritx eta Porrotx; Poxpolo eta... betidanik izan gara jarraitzaileak, baina clonwaren ikuspegi hori ez genuekan landuta. Ikastaro bat egin genuen, eta guztiz harrituta geratu ginen. Ostras, hau ez dela tontakeriak egitea bakarrik! Izugarrizko oinarria du; funtzio sozial ikaragarri batekin eta mundua ikusteko era batekin. Gauza serioa zela konturatu ginen. Poliki-poliki ikastaroetara-eta joanez deskubritzen joan ginen. Batez ere Bartzelona, Valentzia eta Gasteizko ikastaroetara joan gara, eta hor jada esan genuen: «Hemendik oholtzara goaz».

Zuen ikuskizunak prestatzen dituzue. Lana izango du horrek guztiak atzean?

Bai, eta gainera gure lan egiteko modua oso kaotikoa izaten da, eta oso graziosoa. Esketxak prestatzean, gainera musikaria ere banaizenez nire bi pasioak uztartzen ditut. Musika eta pailazoak uztartzen ditugu, eta gustura aritzen gara.

Egun gutxi barru Tolosara etorriko zarete 'Kaleak Bizirik' ikuskizunarekin. Gogotsu zaudete Leidorreko oholtza zapaltzeko?

Oso gogotsu, baina oso urduri ere bai. Oso handia da, eta lehen aldia izango da. Orduan ez dakigu oholtzatik erdi hutsik edo erdi beteta ikusiko dugun! Urduritasun puntu batekin, baina oso gogotsu. Badakigu Tolosa eta inguruan baditugula jarraitzaile batzuk.

 

«Ez da haurren kontua. Bada umeentzako, baina ez da umeentzako bakarrik. Ez da umeen hizkuntza. Zabalagoa da»



Noiz hasi zineten 'Kaleak Bizirik' ikuskizun hau eskaintzen?

Oker ez banago aurreko irailean. Bilbon estreinatu genuen, eta herriz herri ibili gara. Orain iraila lasai hartu dugu, baina urrian berriz hasiko gara topera Tolosatik hasita.

Zein mezu eman edo landu nahi izan duzue ikuskizunarekin?

Mezuak, pila bat. Ez dakit nola esan, umore pikantea edo dugu, eta sarritan pedagogikoak baina antipedagogikoak ere bagara. Beti uste izan dugu pailazoen funtzioa ez dela esatea jendeari nola jokatu behar duen, baizik eta, jendartean gure miseriak eta kontraesanak taularatzea. Gero, hortik, bakoitzak ikusi beharko du zer hartu eta zer ez; hau da, gu publiko hausnartzailearen aldekoak gara. Publikoa ez da jasotzen duen subjektu pasibo bat, baizik eta subjektu aktibo bat. Horregatik, agian, ez da oso ohikoa oholtza gainean pailazo batzuk ideia konkretu batzuk esaten entzutea, eta ez iritzi hori dugulako, baizik eta gizartean ikusten dugulako askotan iritziak merkeegi daudela. Honela, gurasoei eta haurrei gonbidapena egiten diegu bizi diren mundua zalantzan jartzeko.

Hausnarrarazi egingo diezue beraz bertaratuei zenbait gaien inguruan?

Bai. Esaterako, pandemian denda asko itxita egon ziren edo itxi egin dira, eta a zer pena sortzen duen egoera horrek! Une batean hasiko gara: «Gora herriko tabernak, gora dendari txikiak, gora..». Eta hori esan behar da derrigorrez, baina gero galdetuko digu Izaskunek: «Aizue, Potx eta Lotx, patinete hauek non erosi dituzue ba?». Gure erantzuna «Amazonen» izango da. Hortik doaz kontuak. Horregatik, askotan esaten dugu merkeak garela erakusten dugunaren eta egiten dugunaren artean.



Haurren parte hartzea bultzatzen duzue?

Publikoarekin etengabeko harremana dugu, baina egia da, aurten, izan den egoeragatik ez dugula boluntariorik ateratzen oholtzara. Sortu genuenean ezin zen. Baina laugarren pareta apurtuta dugu, eta hori ere bada pailazoen beste ezaugarrietako bat; hau da, laugarren paretarik ez dago teatroan. Eta publikoarekin sartzen gara. Eta aipatu nahiko nuke ere garrantzitsua dela pailazoa eta haurra ezberdintzea, eta gustatzen zaigu. Pailazoak ez dira haurrak. Nire pailazoak 28 urte ditu eta Itziarren Arkauz pailazoak 32; hau da, gure adineko pertsonak ordezkatzen ditugu. Era berean, ez da haurren kontua. Bada umeentzako, baina ez da umeentzako bakarrik. Ez da umeen hizkuntza. Zabalagoa da.

Gurasoentzako ere bada.

Bai, eta hor —Tolosaldean— baduzue Poxpoloren adibidea. Helduek oso ondo pasatzen dute, eta geu ere pixka bat giro horretakoak gara. Etengabe sartzen gara helduekin, eta oso ondo pasatzen dute. Umeak bezainbeste edo gehiago.



Potx eta Lotx pailazoek enkargu bat bete beharko dute, eta hainbat gorabehera izango dituzte bide horretan, ezta?

Bai, bai. Gure historiak nahiko sinpleak izaten dira, eta horregatik dira politak. Enkargu bat bete behar dute, eta bide horretan pasatzen diren abenturak dira. Ego handia duen musikari batekin, poliziarekin, alkatearekin,... topatuko dira. Umorezko gorabeherak izango dira. Ego handia edo botere ustea duen jendearekin sartuko dira.

Musikak badu tokirik ikuskizunean?

Musika ezinbesteko osagaia da. Batzuetan martxa duen musika da, eta dantza ez da faltako. Dantza eta festa giroa izango da. Oñatiko Txinparta bertso eskolakoekin egiten ditugu letrak, eta hor ikusten da kontrastea: pailazoen jarrera eta lekuen sakontasuna. Osatu egiten dugu kontatu nahi duguna.

Beraz, haurrek eta gurasoek zutitu eta dantza egiteko aukera izango dute.

Bai, mesedez. Jendea ez zutitzera ohitu da. Izugarria da, eta harrituta gaude. Lehen lehenengo kantutik jende guztia altxatzen zen, eta orain ez da hori pasatzen.



Hori berreskuratu nahi duzue?

Zalantzarik gabe! Eta gonbidatuko ditugu Tolosaldeko herritarrak horretara.

Zergatik joan behar dute gurasoek haurrak hartuta zuen ikuskizuna ikustera?

Askotan joaten dira konpromisoz: kultura babestu behar da, umeak joan behar dira... eta zer erremedio gurasoak ere joan behar izaten dute. Etor daitezela gozatzera, ondo pasatzera eta eurentzako dela sinistera. Askotan gertatzen zaigu, guraso batzuk hasi direla ondo pasatzen, eta era berean lotsatzen barre egiteagatik. Eta ez dute barre egin nahi izaten. Askatu egin behar dute eta sinistu gurasoentzako ere badela. Gure kontraesanekin eta euren kontraesanekin topo egiteko, eta euren buruei bueltatxo batzuk emateko izango da.

URRIAK 8. TOLOSA



17:00. Potx eta Lotx pailazoen 'Kaleak bizirik' ikuskizuna izango da, Leidor antzokian.

Sarrerak. Potxetalotx.eus webgunean erosi behar dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!