Bakea kantuz aldarrikatu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko irailaren 17a

UNESCOren Nazioarteko Bake Jardunaldiaren hogeigarren edizioa ospatzen ari dira Tolosan; arratsaldean, bakearen aldeko martxa kulturala egin dute herriko kaleetan.

140 korista inguru elkartu dira gaur Tolosan bakearen alde, UNESCOren XX. Nazioarteko Bake Jardunaldia ospatu baita. Mundu mailako ospakizuna da, eta arteak eta gazteriak bakea lortzeko duten zeregina azpimarratu dute aurtengo edizioan. Hain zuzen, hiribilduaren ezaugarri kultural nagusienetako bi batu dira: arte korala eta txotxongiloak.

Goizean, Bakea, artea eta gazteak izenburupean, gatazka eta giza eskubideekin lotura duten sei pertsonak beren iritziak elkarbanatu dituzte, Topic-en. Bertara joaterik izan ez duten herritarrek, txotxongilo tailerretan parte hartzeko aukera izan dute, Larramendi eta Berazubi auzoetan eta San Frantzisko ibiltokian. Paperezko txotxongiloak sortu dituzte, Bakearen Usoa irudikatuz.

Arratsaldean, eskuz egindako uso horiek eskuetan hartu eta martxa kulturala egin dute Tolosako kaleak zeharkatuz. Ibilbidean zehar lau abesbatza zuzenean entzuteko aukera izan da: Kolonbiako Cecilia Espinosa Ganbera Abesbatza, Europako hainbat herrialdeetako abeslariekin osatutako Internacia Esperanto-Koruso, Madrilgo Gazteen Abesbatza eta Euskal Herriko Gazteen Abesbatza. Guztira, 140 korista baino gehiagok parte hartu dute.

Iluntzeko 20:00etan, berriz, nazioarteko bost abesbatzak kontzertu berezi bat eskainiko dute Leidor aretoan, eta amaieran bakearen kantu berria estreinatzeaz gain, euskal abesti ezagunak ere abestuko dituzte elkarrekin.

Hemen behean zuzenean jarraitzeko aukera izango da:

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!