Santuipeko egunari hasiera pintxoak dastatuz eman diote auzotarrek. Eta bazkalaurretik iritsi da apustua. Lau kideko bi talde elkarren aurka aritu dira. Talde batean, kamiseta beltzarekin, Uxer Mozo eta Maialen Urretabizkaia korrika aritu dira eta Jokin Garmendia eta Unai Iraolak aizkoran egin dute. Beste taldean, urdin kolorekoan, Beñat Urretabizkaia eta Xabi Luzuriagak egin dute korri eta Patxi Urretabizkaia eta Arkaitz Arteaga aritu dira aizkoran. Pare-pareko apustua egin dute, eta segundo gutxigatik irabazi dute kamiseta beltzekoek. Aizkolariek lau kana-erdiko ebaki behar izan dituzte eta korrikalariek zelaiari itzuliak eman dizkiote txanda librean.
Ondoren, Eli Pagola, Andoni Rekondo eta Iker Ormazabal Tturko bertsolarien txanda izan da, eta atzetik etorri dira bazkaria, musa, toka, jolasak, Hegazkin taldearen kontzertua eta auzo afaria. Bukatzeko, aurten ere ez dute hutsik egingo DJ Momomok eta mojitoek.