Argazki galeria

Garagardoa eta jai giroa, guztia dute Zerkausian

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ira. 17a, 10:41

Ostegunean hasi zen TAKE-k antolatzen duen Tolosako Garagardo Azoka; 150 lagun ari dira lanean. Asteburuan ere, bertako nahiz nazioarteko garagardoak dastatu eta giroaz gozatzeko aukera izango da.

"Topera gabiltza lanean". Hala azaldu du Mikel Lakunzak, Tolosako Garagardo Azoka antolatu ohi duen TAKE saskibaloi taldeko kideak. "Oraindik, ordea, egun indartsuena geratzen zaigu", gaineratu du gaurkoari buruz hitz egitean. Ostegunean ireki zituen ateak aurtengo azokak, eta bihar gauerdira arte egongo da zabalik. Gaur, 18:00etatik 2:00etara egongo da aukera Zerkausira bertaratu eta era guztietako garagardoak dastatzeko. Bihar, berriz, 18:00etatik 00:00etara zabalduko dute azoka.

Orain arteko bi egunetan eguraldia lagun izan dute, eta herritar ugari inguratu da azokara; horregatik, "oso pozik" agertu da Lakunza, "jendetza mugitu dugulako, eta batez ere, kontsumitu egin duelako".

Aurten, jolasak eta pintxo-potea izan dira berrikuntza nabarmenak; biak ere, ostegunean izan ziren, lehen egunean. "Arrakastaz hitz egin genezake. Jolasetarako, 40-50 haur inguru gerturatu ziren, eta pintxo-potean aurreikusitako janari guztia kontsumitu zen". Atzo, Distopia elektrotxarangak girotu zuen azoka iluntzean, eta gazte ugari gerturatu ziren.

Garagardoei dagokienez, urtero, garagardo bat behin eta berriz dastatzeko joera izaten dute herritarrek. "Aurten ere, badira errepikatzen dituztenak, kataluniar jatorriko Moritz 7 garagardo horia eta Eskozziako Scone garagardotegiko Scoth Ale garagardo gorria, besteak beste".

Bertaratuko daitekeen jende kopuruari buruz galdetuta, ez da datu zehatzik ematera ausartu. Hala ere, nabarmendu du klubeko kadete, jubenil eta senior mailatako taldeetako jokalari eta prestatzaileak eta zenbait guraso ari direla lanean. "150 inguru izango gara denera".

Hona hemen, datozen bi egunetarako prestatu duten egitaraua.

  • Irailak 17, larunbata
    • Azoka. 18:00etatik 02:00etara egongo da zabalik Zerkausian.
    • 18:30. Lasko txaranga.
    • Afalostean. DJ Jotaxo.
  • Irailak 18, igandea
    • Azoka. 18:00etatik 00:00etara egongo da zabalik Zerkausian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!