Bedaioko Mendi Martxan parte hartzeko izen ematea zabalik dago

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 16a, 16:01

XV. Bedaioko Mendi Martxa egingo dute hilaren 25ean, igandean. Parte hartzeko izena eman beharko da hilaren 22a baino lehen. Bi ibilbide daude aukeran, luzea eta motza.

Jaiak pasata hilaren 25ean egingo duten mendi martxa antolatzen ari dira bedaiotarrak.  XV. edizioa egingo dute, eta azken urteetan bezala bi ibilbide prestatu dituzte.
 
Luzean, Artubiko gaina izango dute punturik altuena, eta gutxi gorabehera 23 kilometroko bidea egin beharko dute. Bigarren ibilbidea, berriz, haur (10-12 urtetik aurrera) eta familientzat pentsaturikoa da. Urreako Haitzara igoko direla adierazi dute, eta urtetik urtera mendizale gehiagok hartzen dutela parte.
 
Ibilbide luzekoak 07:30ean abiatuko dira, eta puntu horietatik igaro beharko dute: Bedaio, Zabalki, Larrondo, Artubigaina, Larrondo, Zabalki, Urreako Haitza, Zarate, Añi, Jazkugaina, Eskoletxe eta Bedaio. Aldiz, ibilbide motzekoek 08:30etarako egon beharko dute Bedaioko pilotalekuan, eta kasu honetan, Bedaio, Zabalki, Urreako Haitza, Zarate, Añi, Jazkugaina, Eskoletxe, Bedaio izango dute ibilbidea.
 
Antolatzaileek aurreko urteetan egin bezala anoa guneak prestatuko dituzte, eta freskagarriak eta jatekoak jarriko dituzte parte hartzaileen eskura.
 
Guztia behar bezala antolatzeko beharrezkoa dute jendeak izena ematea. Hori horrela, parte hartzaileek izena eman beharko dute anoa guneak ahalik eta txukunen osatzeko. Izena emateko azken eguna hilaren 22a, osteguna, izango da. Hala ere, egunean bertan izena emateko aukera izango dela esan dute Artubi elkartetik. 14 urtetik beherakoek dohainik parte hartuko dute, eta gainontzekoek 10 euro ordaindu beharko dute izen ematea.
 
Izena emateko edo informazio gehiagorako: Bedaio.com edo mendimartxa@bedaio.com.
 
Bedaioko natur guneaz gozatzeko aukera aproposa dela adierazi dute, eta Artubi Elkartetik gonbidapena luzatu diete mendizale guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!