Osasun eta ongizate emozionalaz deliberatuko dute zozketa bidez aukeratutako 32 tolosarrek

Ataria 2022ko ira. 16a, 19:57

Tolosako Udalari proposamenak eta gomendioak egingo dizkiote Herritarren Batzarra osatzen dutenek. Aurrez, adituen eskutik informazioa jaso eta hausnarketa egingo dute.

Tolosako Udalak, udalbatzako alderdi guztien babesarekin, Herritarren Batzarra osatuko du. "Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?" galderari erantzun beharko diote batzarrean, 32 tolosarrek. Urriaren 22an hasiko da deliberazio prozesua, "eta amaitzean ordainsaria jasoko dute".

Olatz Peon Ormazabal alkatearen esanetan, "Tolosa herritarren parte hartze alorrean abangoardian kokatu du prozesu honek, Tolosa aitzindaria izango baita horrelako prozesu baten garapenean, sinetsita gaudelako parez pare ditugun erronka konplexuei elkarlanetik erantzun behar diegula, politika publikoen garapenean herritarrak inplikatuz, eta horixe du helburu prozesu honek, herritarrak gai eta erronka publiko garrantzitsu baten eztabaidan inplikatzea eta udal honek konpromisoa hartzen du gomendio horiei jarraipena egin eta horiei erantzuteko".

Deliberatze prozesua PSE-EE, EH Bildu eta EAJ-PNVren babesarekin atera da aurrera, Arantzulab Gizarte Berrikuntza Laborategiaren eta ELGA, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen laguntzarekin.

Zozketa bidez osatuko da Herritarren Batzarra

Herritarren Batzarra osatzeko bi zozketa egingo ditu udalak. "Tolosako komunitatearen aniztasuna bermatuz, profil ezberdinetako pertsona talde batek osatuko du Herritarren Batzarra". Lehen zozketa jadanik egina dagoela esan dute. Errolda erabiliz, 16 urtetik gorako tolosar guztiak hartu dituzte kontuan. Horietatik 2.400 pertsona hautatu dituztela jakinarazi dute, eta ondorengo egunetan gutun bat jasoko dute. "Soilik gutuna jaso duten herritarrek izango dute Herritarren Batzarrean izena emateko aukera".  Izena ematen duten horiekin egingo da bigarren zozketa bat, eta hortik aterako dira Herritarren Batzarra osatuko duten 32 tolosarrak. 

Bost larunbatetan, urritik abendura

Herritarren Batzarra bost aldiz elkartuko da, eta parte hartzaileek larunbatetan egingo diren saio horietan parte hartzeko konpromisoa hartuko dute.

Saioak urriaren 22an, azaroaren 5ean, azaroaren 19an, abenduaren 3an eta abenduaren 17an izango dira, 09:00etatik 18:00etara. Tartean, atsedenaldirako eta otordurako geldituko dira. Saio guztiak Tolosako Lanbide Heziketa Ikastetxean izango dira. Bileretan parte hartzeagatik, 444 euroko ordainsaria izango dute Herritarren Batzordeko kideek.

Abenduaren 19an egingo den azken saioan, udal ordezkariei aurkeztuko zaizkie herritarrek landutako proposamenak. Ondoren, udal arduradunek ekarpen horien guztien bideragarritasuna aztertuko dute eta azken saio batean, 2023an egingo dena, herritarrek egindako gomendioei erantzuna emango diete, zein inplementatuko diren eta zein ez eta zergatik azalduz.

Naiara Goia, Arantzazulabeko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, "Tolosako prozesuak lankidetzazko gobernantzan sakontzeko aukera ematen digu, erakunde publiko eta gizarte zibilaren arteko harreman eredu berriei bide emanez. Herritarrekin deliberazio partekatuko espazio bat eraikitzeak, gure etorkizuna baldintzatuko duten erabaki publiko batzuetan herritarrei paper protagonista emateaz gain, herritarrek erakunde publikoekiko duten konfiantza handitzen laguntzen du. Tolosako egitasmoarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen beste Herritarren Batzar bat abiatu dugu, hain zuzen ere demokrazia deliberatiboko prozesuen inguruan ezagutza garatzeko, tokiko gaitasunak eraikitzeko eta gure erakundeetan deliberazio tresna hau instituzionalizatzeko baldintzak sortzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!