Aspace Gipuzkoaren bost hamarkadetako lana ikusgai

Ataria 2022ko ira. 16a, 16:00

Aspace Gipuzkoak 50 urte bete ditu, eta bere ibilbidea erakusten duen erakusketa jarri dute Tolosako kultur etxean.

Aspace Gipuzkoak 50 urte bete ditu, eta urteurren borobila kontua hartuta, bost hamarkadetan egindako ibilbidea azaltzen duen erakusketa ibiltaria osatu du. Erakusketa Hernaniko Orona eraikinean jari zuten estreinakoz, eta orain arte, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Irungo Palmera Montero eraikinean, Intxaurrondoko kultur etxean, Bergarako Agorrosin kiroldegian, Arrasateko Kulturaten, Eskoriatzako Kanpuseko Dorleta eraikinean, Eibarko Untzaga Plazako Gizarte Zentroan, Beasaingo Igartza monumentu guneko errotan eta Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan egon da ikusgai. Gaur, Tolosako kultur etxean zabaldu dute, eta hilaren 28ra arte egongo da bertan ikusgai. Gipuzkoako gizarteari eskerrak ematea ere badela erakusketaren helburua azaldu dute.

Orona Fundazioa izan da erakusketaren kolaboratzaile nagusia, 50 urte inklusioa bermatzen da izenburua, eta 24 panelen bitartez, modu didaktiko eta pedagogikoan garun-paralisia duten pertsonen errealitatea, beren ingurune pertsonal eta familiarra eta elkartea erakusten eta balioesten dituzten balioak azaltzen ditu. Aspace Gipuzkoa zer den, bere lau interes-taldeek (erabiltzaileak, familiak, profesionalak eta boluntarioak) duten garrantzia, elkarteak lurraldean duen eragina, eskaintzen dituen zerbitzuak eta historia ezagutzeko aukera ematen du. 

Bestalde, elkartea kokatua dagoen Gipuzkoako udalerri bakoitzeko zentro eta ikastetxeek beren panela egin dute, elkarteari eta haren helburuei dagokien gai bat ardatz hartuta. Andoainek, Arrasatek, Beasainek, Bergarak, Donostiak, Eibarrek, Eskoriatzak, Irunek, Urretxuk eta Tolosak gai hauek landu dituzte: arreta goiztiarra, proiektu komunitarioa, parte-hartzea, ingurunearekiko harremana eta komunikazioa, hezkuntza-proiektua, garun-paralisia duten pertsonen eskubideak, eguneko zentroaren eredua, pertsonen bizikidetza etxebizitzetan, komunikazio-laguntzak eta kirol egokitua.

Olatz Peon Tolosa alkateak Aspace Gipuzkoaren ibilbide luzea eta denbora honetan egindako lana balioan jarri eta eskertu ditu erakusketa ibiltariaren irekieran. “Elkarbizitza eta integrazioa oinarri, herritarrak sentsibilizatzeko lan mardula egin du elkarteak bai Tolosan, eta baita Gipuzkoako lurralde osoan ere, gizarte kohesionatuagoa baten alde” esan du eta sentsibilizazioaren bidean lanean jarraitzeko beharra ere azpimarratu du, pertsonen ongizatearen eta inklusioaren alde. 

Rosa Iglesias Aspace Gipuzkoako lehendakariordea ere erakusketaren inaugurazioan izan da. "Denon artean osatu dugun lana izan da, batez ere elkartea sortu zuten familiak omentzeko asmoz". Aspacek 50 urteko ibilbidea duela azpimarratu du, "garun-paralisia duten pertsonen alde lanean, euren bizi kalitatea hobetzeko, eta txikitatik eskubide guztiak izan ditzaten". Behar bereziak dituzten seme-alabak zituzten familiak elkartu egin ziren eta horrela sortu zuten elkartea, "esfortzu handiz". "Gaur egun, zorionez, beste momentu batean gaude, hitzarmenak egin baitira erakundeekin eta horri esker Aspace gaur egun dena izatera iritsi da".   

Urriaren 8an bestalde, Aspace Eguna egingo dute Donostian, erakusketa ibiltariarekin egindako herriz herriko ibilbidea borobilduz.

Aspaceren egitekoa

Aspacek garun-paralisia duten 492 pertsonari ematen die arreta. Horretarako, 361 profesional eta 126 boluntario ditu.
 Elkarteak lurraldeko 11 udalerritan (Andoain, Arrasate, Beasain, Bergara, Eibar, Eskoriatza, Donostia, Irun, Tolosa, Urretxu eta Zarautz) banatuta 15 zentro ditu, eta modu horretan, aukera ematen die arreta familiei euren etxeetatik ahalik eta hurbilen dagoen zentroan zerbitzua jasotzeko.



Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde gisa, Aspace Gipuzkoa Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko eta Espainiako Estatuko beste erakunde batzuekin elkarlanean ari da sarean. Ibilbide horretan, euskal erakunde publikoek lagundu eta aintzatetsi dute elkartea. Erakundeekiko lankidetza-hitzarmenei esker, Aspacek garun-paralisia duen pertsonari arreta eman diezaioke bizitza osoan, adin goiztiarretatik ondorengo etapetaraino.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!