Napar zubiko segurtasun pilona konponduta dago

Ataria 2022ko irailaren 15a

Segurtasun pilona itxita egongo da eta merkataritza zamalanek ordutegia izango dute; Alde Zaharreko bizilagunek edozein unetan erabili ahalko dute.

Azken hilabeteetan alde zaharrean izandako autoen zein motordun ibilgailuen trafiko handitzeari erantzuna emateko eta aipatu eremua oinezkoentzat berreskuratzeko helburuz, Napar zubiko segurtasun pilona konpondu eta dagoeneko martxan da berriro. 

Pilona hori zubiaren hasieran dago kokatuta eta Alde Zaharrera pasatzen diren ibilgailuei ematen die sarbidea. Horrela, aurrerantzean itxita egongo da eta merkataritza zamalanetarako zabalduko da, ordutegi baten pean, hain zuzen, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 12:00etara. Ordutegi horretatik kanpo geldituko dira, botika banatze garraioak edota hondakin bilketarenak. 

Modu horretara, Tolosako Udaleko Mugikortasun Planari jarraiki, helburua da Alde Zaharreko eremua berriro oinezkoentzat erabilgarri eta bereziki segurua izatea, motordun ibilgailuen trafikoa beharrezkoak diren ekintzetara soilik murriztuz.   

Udalak gogoratu du bertako bizilagunek edozein momentu zein ordutegitan izango dutela zamalanak edota animalia, pertsona ezindu, adingabeko zein adinekoen garraio lanak egiteko eskumena eta horretarako zubiko sarreran kokaturiko interfonoa erabili beharko dutela. Horren bitartez, pilona zabaldu egingo da sarrera-irteerak egin ahal ditzaten. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!