Kultur programazioa hasiko da gaur, Leidor berrituan

Ataria 2022ko ira. 15a, 16:57

Abendura bitarte, kontzertuak, zinema, antzerkia edota haurrentzako emanaldiak izango dira; Leidor aretoko eszenatokia eta eserlekuak berritu dituzte. 

Tolosako kultur programazioa bueltan da, mota askotariko ekintza zein ekitaldiz josita: kontzertuak, musikalak, antzerkiak, haurrentzako emanaldiak… eta nola ez, baita zinea eta zine-foruma ere. 

Hain zuzen zinemak emango dio gaur hasiera programazioari eta abendua bitartean, zine-egitarauaz harago, beste 18 ekitaldi desberdin ere eskainiko dituzte, haur, gazte zein helduentzat. Horien artean izango dira, besteak beste, Mecanoren Tributo emanaldia, Potx eta Lotx pailazoen edota Ene Kantak taldearen haur ekitaldiak, Jon Maia edota Olatz Salvadorren kontzertuak, Sex sua musikala, Basotik itsasora 2.0 dantza emanaldia… Horrez gain, programaren baitan jasoa dago Verde Prato talde tolosarraren kontzertua. Hauek disko berria aurkeztuko dute abenduaren 16an Leidor aretoan. 

Ekitaldi horiek guztiak Leidorren eta Topic-en eskainiko dituzte eta ezinbestekoa izango da aurrez sarrera eskuratzea. Leidor aretoan egingo diren ekitaldietarako sarrerak Kutxabanken bitartez eskuratu daitezke. Topic-eko aretoan egingo diren ekitaldien sarrerak Tolosako Ekinbide Etxearen webgunean (Cittolosa.com) daude eskuragarri. 

15 zine emanaldi urria bitartean

Leidor aretoak, beraz, gaur zabalduko ditu ateak udazken honetako lehen zine-forumarekin, ostegunetako ohiturei berriro helduz. Delante de ti filma izango da lehena eta urria bitartean, beste 14 zine emanaldi eskainiko dituzte ostegunetan eta asteburuetan banatuta. Elvis, El Test, Minions, Los Perdonados edota Bullet Train izango dira Leidorreko programazioaren baitan ikusi ahal izango diren filmetako batzuk. 

Interesdunek eskuragarri dituzte 2022ko bigarren seihilekorako zine bonuak. Abenduaren 31 bitartean helduei zein haurrei zuzendutako edozein zine saiotan erabili daitezke, estreinaldietan izan ezik. Bonu bakoitzarekin saioko gehienez bi sarrera eskuratu ahal izango dira. Horrela, 10, 20 edo 30 saiotarako bonuak izango dira aukeran, ondorengo prezioetan: 

  • 10 saio: 30 euro
  • 20 saio: 35 euro
  • 30 saio: 40 euro

Bonuak Kutxabanken bidez erosi ahalko dira.

Leidor aretoa itxura berrituta

Udazkeneko kultur programa aurrera eramateko, gainera, udan zehar, Tolosako Udalak hainbat berrikuntza egin ditu Leidor aretoan, "bertaratzen den orori, kalitatezko emanaldia eskaintzeaz gain, kalitatezko azpiegitura eta zerbitzuak eskaintzeko". Hori horrela, eszenatokiko lurra berritu dute, baita aretoko 165 eserleku ere. Azken hauen konponketa datozen egunotan amaituko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!