Elkarrizketa

«Gure alde ona da jokatzen asko dakigula, baloia batera eta bestera mugitzen»

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 14a, 19:58

Tolosa CF-ko futboleko emakumezkoen talde nagusian bigarren entrenatzaile moduan ari da Xabier Olano (Tolosa, 1998). Taldeak 1. Maila Nazionalean jokatzen du eta asteburuan, ligako lehen partidan, bina berdindu zuen Oiartzunen aurka.

Nolatan hasi zara bigarren entrenatzaile moduan?

Betidanik izan nahi nuen entrenatzailea. Futbol munduan betidanik egon naiz. Tolosa CF-n jubeniletara arte egon nintzen eta gero Arrasatera joan nintzen eta ondoren hortik ibili naiz. Nire asmoa izan da atezainen entrenatzaile izatea, eta aukera hau izan dut bigarren entrenatzaile bezala hasteko.

Zure egiteko nagusia, beraz, atezainen entrenatzaile izatea da.

Bai, ni atezaina izan naiz, eta horretan dut ezagutza handiena. Orain ikasten ari naiz, azken finean ikuspegi berri batetik.

Nola doa esperientzia berri horren hasiera?

Mutilen eta nesken futbola ezberdinak dira, fisikoki eta mugimenduetan. Orain ikusten ari naiz zein diren aldaketa horiek, atezainaren mugimenduak-eta. Gero, jokoa mantsoagoa da, eta horretaz jabetzen nabil.

Arantza del Puerto bigarren urtez ariko da entrenatzaile moduan. Jokalarietan aldaketarik izan al da?

Pare bat jokalari etorri dira Oiartzun taldetik. Horrez gain, beheko taldeetako jokalari batzuk aritu dira denboraldiaurrean gurekin, eta jokalari bat lehen partidan egon zen. Bestela, hor daude beste jokalari gazteak, gogoz lehen taldean aritzeko, eta aukerak izan ditzakete.

Lehen partidan, Oiartzunen aurka, bina berdindu zenuten. Nola izan zen partida?

Beraiek fisikoki koska bat gorago zeuden, bai abiaduran eta aurrera eta atzera egiteko mugimenduetan. Aukera dezente izan zituzten, eta guk bi edo hiru jokaldi izan genituen, ondo aprobetxatu eta bi gol sartzeko aukera izan genuen. Gure alde ona da jokatzen asko dakigula, baloia batera eta bestera mugitzen, eta hori aprobetxatzeko gai izan ginen. Emaitza ona izan zen guretzat.

Zein da taldearen helburua denboraldi honetarako?

Aurreko denboraldian zortzigarren postua lortu zen, eta oraingoan hori hobetzea da helburua. Beti saiatzen zara aurreko urtekoa hobetzea, eta orain gure asmoa da lehen sei sailkatuen artean egotea; ea zorte pixka batekin sartzen garen. Jokatu egin behar da, baina gero zorteak ere lagundu egin behar du, golak sartzeko eta ez jasotzeko, eta ea hori lortzen dugun. Ez goaz maila mantentzeko mentalitatearekin, baizik sailkapenean erditik gora egoteko eta ahal dela lehenengo sei taldeen artean sartzeko.

Entrenatzailearen bigarren urtea izanik eta taldea ez denez asko aldatu, hori dagoeneko aldeko duzue.

Bai, guretzat abantaila bada aurreko denboraldiko eskarmentua izatea. Arantzak ezagutzen ditu jokalariak, eta badaki bakoitzak zer eman dezakeen eta une bakoitzean zeinek jokatzea komeni den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!