Zuretzat erronka berri bat da. Nola izaten ari da zure hasiera Tolosa CF klubean?
Oso kontent nago, giro polita daukagu taldean. Hiru-lau entrenatzaile gaude, jende gaztea, eta beraiekin erraz moldatzen gara. Zentzu horretan ez dut ezberdintasun handirik nabaritzen Lesakatik hona. Giro ona daukagu eta ea horrela mantentzen dugun.
Nola izan zen Urolaren aurkako partida?
Orain bi aste jokatu genuen lagunarteko bat beraien aurka eta pixka bat ezagutzen genuen elkar. Alde horretatik, pentsatzen nuen partida nahiko erraz aterako genuela aurrera. Gure taldea oso gaztea da, eta partida horretako hamaikakoan zortzi jokalari 19 urtekoak nituen. Urduritasun handiarekin atera ziren lehiatzera eta partida osoan nabaritu zen hori. Hobeak izan ginen, baina badaude jokalari batzuk maila gehiago eman behar dutenak eta ikusten zitzaien urduritasun hori. Defentsa aldetik oso zuzen egon ginen eta erasoan bi aukera izan genituen gola sortzeko.
Urduritasun hori kentzea izan daiteke landu behar den gauzetako bat?
Denboraldiaurrean zehar taldea nahiko txukun ibili da, baina gauza bat da lagunarteko partida eta bestea lehiaketa. Nik uste dut egoera horri hurrengo partidan emango diogula buelta. Azken bi urteetan zeuden beterano guztiek martxa egin dute eta aurten ia denek hemeretzi edo hogei urte dituzte. Zentzu horretan landu beharra dugu urduritasuna, eta segituan lehian sartu. Gazteekin ondo ateratzen badira gauzak, geldiezinak dira; baina gauzak okertzen joaten badira, hor zuzendu behar dira. Konfiantza dut kalitatea dugulako, baina liga zaila izango da.
Zenbat aldaketa izan dira taldean?
Hiru izan ezik, beste guztiak berriak dira; jubeniletatik-eta etorri dira talde nagusira. Ez dugu lortu jokalari beterano batzuk bueltatzea, baina daudenekin lehiatuko gara. Lan handia dugu, baina lan egiteko jokalariak baditugu.
Helburu nagusia Hirugarren Mailara igotzea al da?
Tolosak maila honetan beti saiatu behar du igotzea. Kontuan izan behar da daukagun jokalari kopurua oso motza dela, hemeretzi fitxa ditugulako. Igandeko partidan hamazazpi jokalari bakarrik izan genituen, bi lesionatuta nituelako. Kalitatea badago lehiatzeko, baina kontuan izan behar da ligan badaudela talde batzuk indartsu daudenak. Gure jokoa atera behar dugu; lagunartekoetan ikusitakoarekin kontent nengoen, baina lehen partidan urduritasun handia ikusi nuen, eta izuarekin jokatzea txarra da. Jokalariek kalitatea dute, eta beraiengan konfiantza dut; orain lortu behar duguna da mentalki indartzea.
Izan ere, entrenatzaileei egokitzen zaizue psikologo lana ere egitea.
Horretan saiatzen gara, beraiekin hitz egiten, eta beraiek duten onena ateratzen.