Jada eman daiteke izena Tolosako kultur etxeko ikastaroetan

Ataria 2022ko ira. 14a, 18:59

Kultur tailerretako iazko ikasleek  irailaren 16a arte izango dute aukera matrikula betetzeko; berriek, aldiz, irailaren 19tik 23ra. Gazte ikastaroei dagokionez, plazak bete arte egongo da zabalik matrikulazioa.

Ikasturte berria hastearekin batera, dagoeneko zabalik dago Tolosako kultur etxeko tailerretan izena emateko epea. Gaurtik hasita hilaren 16ra bitarte kultur tailerretako iazko ikasleek izango dute matrikula egiteko aukera, eta ondoren, irailaren 19an, ikasle berrien txanda zabalduko da hilaren 23a arte.

Aurten ere tailer eskaintza zabala izango da; aukera desberdinen artean, besteak beste, antzerkia, argazkigintza, balleta edota marrazketa tailerrak egongo dira. Taldeak gutxienez zortzi lagunekoak izango dira eta plaza kopurua baino eskaera gehiago jasotzen dituzten ikastaroetan matrikula eskubidea zozketa bidez erabakiko da.

Familia ugariek edo guraso bakarrekoek hobariak izango dituzte udal ordenantzen arabera. Bestalde, hobari bereziak ere izan ditzakete hala eskatzen dutenek, udal ordenantzetan zehazten diren baldintzak betetzen badituzte eta bizikidetza unitatearen baldintza ekonomikoaren araberako hobariak ere badaude.

Matrikulazioa non eta nola egin

Kultur tailerren kasuan, izapideak internet bidez egin behar dira, Udala.tolosa.eus/kulturtailerrak web-orrian. Zalantzak argitzeko edota laguntza behar izanez gero, kultur bulegora bertaratu edota 943 67 03 83 telefonora deitu behar da. Matrikula orriak eta matrikularako baldintzak web-orrian daude. 

Bestalde, ordainketa egiteko hiru aukera eskainiko dira: ordainketa bakarra (urrian), bi zatitan (urrian eta abenduan) eta ikasturte zatikiak (urritik abendura %50, urtarriletik ekainera %75 eta martxotik ekainera %50).  

Gazte ikastaroak

Kultur Etxeko tailerrekin batera, halaber, gazte ikastaroetan izena emateko epea ere zabaldu dute, plazak bete arte. Ikastaro hauek urritik abendura bitarte eskainiko dira euskara hutsean eta 16 eta 35 urte bitarteko herritarrentzat. Kasu honetan, komikigintza, sare sozialetarako argazkigintza eta joskintza izango dira lehen hiruhilekoan eskainiko diren ikastaroak.

Matrikulazioari dagokionez, izen-ematea online egin beharko da. Matrikula orria eskuragarri egongo da Tolosa.eus webgunean eta behin hori behar bezala beteta, emailez bidali beharko da gazteria@tolosa.eus helbidera. Ordainketa kreditu txartelarekin egingo da behin plaza baieztatutakoan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!