Uganeko Santuipeko eguna egingo dute, larunbatean

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 14a, 11:59

2019an egin zuten apustuko une bat.

Uganeko festa eguna izango da larunbatean. Egun bat, baina hori betea antolatu dute auzotarrek. Jana eta edana ez dira faltako, eta horrez gain urterokoak diren bertsolariak, musika eta apustua.

11:30ean emango diote Santuipeko egunari hasiera, eta pintxoak dastatzeko aukera izango da. Behin tripa bete, eta aurtengorako prestatu duten apustuaz gozatzeko aukera izango da. 12:30ean hasiko dira bi talde elkarren aurka. Talde batean, Unai Iraola eta Jokin Garmendia aizkoran, eta Maialen Urretabizkaia eta Uxer Mozo ariko dira korrika, eta talde aurkarian, Arkaitz Arteaga eta Patxi Urretabizkaia aizkoran, eta Leire Urretabizkaia eta Beñat Urretabizkaia lehengusuak korrika. Lau kana-erdiko ebaki beharko dituzte, eta Uganeko 250 metroko zelaiari lau itzuli egin beharko dizkiote txanda librean.

Eli Pagola, Andoni Rekondo eta Iker Ormazabal Tturko bertsolariek hartuko diete erreleboa, eta atzetik etorriko dira bazkaria, musa, toka, jolasak, Hegazkin taldearen kontzertua eta auzo afaria. Bukatzeko, aurten ere ez dute hutsik egingo DJ Momomok eta mojitoek.

SANTUIPEKO EGUNA

Hilak 17, larunbata
11:30. Pintxoak salgai.
12:30. Apustua. Bi laukoteren arteko norgehiagoka. Egin beharrekoak: lau kana-erdiko ebaki eta lau buelta korrika Uganeko 250 metroko zelaiari txanda librean.
13:00. Hernaniko bertsolariak: Eli Pagola, Andoni Rekondo eta Iker Ormazabal Tturko.
14:30. Bazkaria. Ondoren. Mus eta toka txapelketa.
17:30. Ume jolasak. Ondoren. Saskiaren zozketa.
19:00. Kontzertua Hegazkin-ekin.
21:30. Auzo afaria. Egunean zehar. DJ Momomo eta Mojitoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!