Garagardo Azokak girotuko du Tolosa, bihartik igandera

Ataria 2022ko ira. 14a, 07:58

Zerkausian izango da Take saskibaloi taldeak antolatuta; 21 garagardo mota dastatu ahalko dira, eta berritasun moduan pintxo-potea izango da bihar.

Abuztua igaro eta Tolosan ohiko bilakatu den hitzorduetako bat bueltan da: Garagardo Azoka. Take saskibaloi taldeak antolatzen duen ekimena, ohi bezala Zerkausian izango da bihartik igandera, eta hainbat garagardo eta jaki dastatu ahalko dira.

21 garardo mota jarriko dituzte aukeran, horietatik zazpi arruntak eta hamalau bereziak. Prezioei dagokienez, aurreko urteetakoak mantendu dituztela nabarmendu dute, eta arruntak hiru euroan eskuratu ahalko dira, eta bereziak lau euroan. Jatorri askotakoak probatu ahalko dira, Euskal Herrikoak, katalunirrak, alemaniarrak, txekiarrak, belgikarrak... Eta, glutenik eta alkoholik gabeak ere egongo dira.

Jatekoari dagokionez, batetik, piper eta patata errazioak egongo dira, eta bestetik, saltxitxak, ukondoa eta haragi hanburgesa edo begetala. Postrerako gazta eta euskal pastela jarriko dituzte eskura.

Egitarau betea

Mikel Lakunza Take saskibaloi taldeko kideak azaldu duenez, bi helburu nagusi ditu urtero antolatzen duten azokak: «Batetik, taldearentzat beharrezkoa zaigu bertan biltzen dugun dirua, partidetarako joan-etorriak egiteko, esaterako; bestetik, azoka antolatzeak lan handia du, baina ondo pasatzeko ekintza bat da, eta herriari eskaintzen zaion zerbitzu moduan hartzen dugu».

Jan-edanaren bueltan hainbat ekitaldi antolatu ohi dituzte, eta aurtengoa «beteagoa» datorrela azpimarratu du Lakunzak: «Bihar, adibidez, pintxo-potea izango dugu berritasun moduan lehen aldiz, eta txartel bereziak erosi beharko dira, eta umeentzako saskibaloi jokoak ere egingo ditugu, gaztetxoak kirol honetara animatuz». Ostiral eta larunbat arratsaldean Distopia elektrotxarangaren eta Lasko txarangaren doinuez gozatu ahalko da, eta gauez, DJ Zer, Piru eta Jotatxok alaituko dute giroa.

Igandean itxiko ditu ateak azokak, baina itxi bitarte edatekoaz eta jatekoaz gozatu ahalko da Zerkausian.

EGITARAUA
  • Irailak 15, osteguna
    • Azoka. 18:00etatik 00:00etara egongo da zabalik Zerkausian.
    • 18:00. 8-12 urte bitartekoentzat saskibaloi jokoak, Plaza Zaharrean.
    • 18:00. Pintxo-potea. 
  • Irailak 16, ostirala
    • Azoka. 18:00etatik 02:00etara egongo da zabalik Zerkausian.
    • 18:30. Distopia elektrotxaranga.
    • Afalostean. DJ Zer eta Piru.
  • Irailak 17, larunbata
    • Azoka. 18:00etatik 02:00etara egongo da zabalik Zerkausian.
    • 18:30. Lasko txaranga.
    • Afalostean. DJ Jotaxo.
  • Irailak 18, igandea
    • Azoka. 18:00etatik 00:00etara egongo da zabalik Zerkausian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!