Gaur, duela...

Gaur, duela... 13 urte

Ataria 2022ko ira. 13a, 05:57

Jokin Bildarratz, orduko Tolosako alkateak, ondorengo gutuna idatzi zion zendu berri zen Jose Mari Agirre 'Txato'ri:

'Txato', gure 'Txato'

Naturarekin bat egin da jaio, hazi, bizi eta utzi gaitu Jose Mari Agirrek. Jaio diot, hainbeste maite zuen Aitzarte inguruko haitzez babesturiko, Aralarreko ate den Ataunen, ama lurraren gaien artean, Euskal Herriaren misterio eta kondairaz betetako Aizkorrondo etxean. Inguru zoragarri, indartsu eta denboratik kanpo dagoen zati horren parte izan zelako. Azkeneko urteetan, zenbatetan etorri zen gure bileretara mendi eta baserri arrastoekin; izugarrizko osasun kolorearen jabe, arnas lasai, eta bere patxada borobil harrekin. «Baserritik nator...», esanez.

Hazi, senidez inguratutako sukalde gozo eta epelean, babestuta; urte korapilatsu haietan kalean zeuden giro politiko ilun eta gogorrean murgiltzeko; lehenago diodan bezala naturak berak bilatzen du bidea eta horrela, artea kareharri tartetik hazitzen den itxuran hezi zen Txato, zailtasunen aurrean kementsu azalduz. Aldi berean, ezkurrak inguru gozoago batera banatu eta sendotu zuen bere gaztaroa lagun artean.

Ezagutzen genuen gehientsunok ikaragarri maite genuen, bera zen bezala azaltzen zelako; naturala, naturarekin hazi zelako. Maite genuen, bere Herria ezagutzen zuelako, berarekin sufrituz hezi zelako, eta berarekin gozatuz guregana arrimatu zelako.

Bere hazitze prozesua ez zen inoiz bukatu... beti zuen zerbait ikertzeko edo esateko, horregatik bere jakinduriaren muina eta arrastoa utzi digu; bere euskal zaletasuna... joan zaigun arte hazitzen joan da; baina, non geratu ziren ihes egin behar izan zuen garai haiek, edo Lovainako unibertsitatean ekonomi ikasketak burutzearena, edo hain modu estuan bizitzeko garai haiek, non geratu ote ziren?

Horiek ziren artea hazitzen lagundu zutenak, bai horixe. Haitzen arteko artea. Bizi, lurralde, hizkuntz eta ohitura arrotzak zituen herritan joan zen aberasten bere bizitza. Jose Mariren jakin minak ez zuen inongo mugarik ezagutzen, gaitasunez betetako landarea zen, txerto guztiak hartutakoa, inguruari moldatzeko prestatua.

Hala ere, harrizko gorputza eta gaztanbera (berak esango lukeen bezala) bezalako bihotza zuen gizona genuen , edonori laguntzeko prest, horrela ezagutu dugu bere bigarren herria zuen Tolosan. Denon probetxurako hemen jaso ditugu ezkur haiek ernalduta, edertuta; bere ideiak gauzatzeko aukera izan zuen bertan, entzun nahi zionari zekiena erakutsiz, apaltasunez, lanean buru belarri egunero. Bere ibilaldia konpartitu dugunok, bidelagun izan dugu udaletxean. 1995. urtean Tolosakoan hasi zen zinegotzi, zortzi urtez egon zen bertan, trebetasunak azalean zituen, denetarikoak: eztabaidak leuntzeko trebezia, elkarrizketa harturik bere lanaren ardatz eta ezkerreko eskua gako bakarra; eztabaida lehen gai zuen, aldiz, inposizioa onartu ezina... horrela zen Txato, gehientsuenon lagun, adiskide eta tertuliazale.

Beste hainbat bizipenekin ere harrituta uzten gintuen sarritan, bere Maiten herritik zetorrenean bertso saio batetik, gai-jartzaile gisa aritu eta gero, pozik eta hitz gehiagoren jabe, baina ezerk ez gintuen harritzen, bai baikenekien beste hainbat gaitasunen artean hori ere ziurtasunez eta abileziaz egingo zuela. Aztia, apala, hitz azkarrekoa, dotorea... hori zen Joxe Mari; dotorea batik bat. Presentzia zuen giza semea.

Utzi gaitu gure herri honen soroan, harri puskaz, osin, lar eta sastrakaz inguraturik, baina ortzira begiratuz hor aurkituko duzu beti bere begirada eta irrifarra, bere Aitzarte inguruan kabi duten edozein arrano, putre, sai edo zapelatzetan. Bere ametsak, ideiak eta borrokak izango du jarraipena, haziko baitira ezkur haiek eta gero etorriko dira besteak, edozein lur mota dela ere fruitua inguratzen duena.

Utzi gaitu malko artean; entera- tu nintzen gau hartan itsaso zabalari begira entzun nuen berri tamalgarria, mingarria, bortitza; guztiontzat zein maitagarria, izarraz beteriko zerua bezalaxe; benetan maitagarria. Harkaitz artean egin duzu ibilbidea eta beraiekin bat egin duzu, mugarik gabeko Pirinioetan, gure herriaren etorkizunari so eginez. Utzi duen bizitzak ez du geldi unerik, bera joan eta handik gutxira beste biloba bat izan du; malkoa eta irrifarra denak batera; aitona joan eta biloba etorri; ezkur berriak zabalduko dira, hauxe da bizitza, aldi berean garratza da gure bizitza gozo hau.

Mila esker Txato, zu ezagutzeko eta ametsak konpartitzeko aukera eman zenigulako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!