Sortuk nazio ekitaldia egingo du Tolosan, Gudari Egunaren testuinguruan

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 9a, 10:13
2017ko Gudari Egunean egindako ekitaldi bateko artxiboko irudia.

Tolosako Leidor aretoan egingo du ekitaldia irailaren 25ean eta ezker abertzalearen "balioak eta konpromisoak" oroitzeko eta berresteko baliatuko du hitzordua.

1975eko irailaren 27an Frankoren erregimenak agindutako azken herio-kondenak gauzatu ziren eta, ETA-ko kide ziren, Jon Paredes Manot Txiki” eta Angel Otaegi fusilatu zituzten. Hori dela eta Sortu alderdiak esan du egun hori Nazio Askapen Mugimenduaren eguna dela eurentzat eta ekitaldiak antolatu ditu egunaren bueltan.

Irailaren 25ean nazio ekitaldia egingo du Tolosan, Leidor antzokian, 12:00etan, Nehork ez dio Eguri itxaropena kenduko lelopean.Horrekin batera, Gudari egunean, hilak 27, hainbat ekitaldi eta mobilizazio antolatu ditu Independentziareako indarra lelopean. Besteak beste mobilizazioak egingo ditu Donostian (Bulebarretik), Gasteizen (Andre Mariaren zubitik), Iruñean (Zumalakarregi Portaletik) eta Bilbon (Plaza Zirkularrean), guztiak 19:00etan hasiko direlarik. "Mobilizazio horiek krisi testuinguru larri batean kokatzen dira, horregatik beharrezkoa ikusi dugu oroitzea: Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten garaian, Euskal Herria hipotesi bat zela eta egun, harrokeriarik gabe, Euskal Herria errealitate kultural, ekonomiko eta politiko aitortua dela", esan du. 

 

Aurtengo kartela

Euskal Herriaren alde bizitza eman duten guztiak oroitu nahi ditu Sortuk irailaren 27an, eta hori dela eta garrantzia berezia eman dio egunaren bueltako kartelari. "Azken urteetan, zenbait artistengana jo dugu iruditeria berritzeko asmoz. Eta aurten, mundu zabalean sona handia duen euskal sortzaile batengana jo dugu, Kepa Akixo Zigor artista, poeta, eskultore eta margolariarengana. Zigor, gaztetatik herri honen askatasunaren alde engaiatu zena, iheslari politiko ere izan zen 70eko hamarkadan. Gaur egun, jarraitzen du bere ekarpena egiten".

Gazteak

Ane Alavak, Ernai antolakundeko bozeramaileak, irailaren 27ak gazte ikuspegitik duen baloreaz aritu da, era berean. “Guk, Ernaitik, gazteriari deialdi berezia egin nahi diogu ekitaldian zein mobilizazioetan parte hartzeko”, adierazi du. Ernaiko bozeramailearen esanetan, “etenik izan ez duen atzoko borrokaren memoria eraikitzeko ezinbestekoa baita gaurko gazteon lana. Beste testuinguru batean, beste garai batean kokatzen bagara ere orain dela 50 urteko proiektu politiko bera baitugu zerumugatzat: Euskal Herri askea”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!