Tolosan egingo dute XVII. Larre eta Belardien Nazioarteko Kongresua

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ira. 8a, 15:27

Irailaren 12tik 18ra izango da Eurasian Grassland Conference nazioarteko topaketaren aurtengo edizioa Tolosan. Europa, Asia eta Ipar-Afrikako 81 ikertzailek parte hartuko dute.

Tolosan ospatuko da aurten Eurasian Grassland Conference (Larre eta Belardien Nazioarteko Kongresua). Biltzarraren hamazazpigarren edizioa izango da aurtengoa; urtero, Europako edo Asiako herrialde batean ospatzen da, eta aurten lehen aldiz ospatuko da eskualdean, irailaren 12tik 18ra. Larreen dinamika eta kontserbazioa mundu aldakor batean izango du izenburu eta gai hori aztertuko dute, larreen eta belardien inguruko ezagutza zabaldu eta horien aniztasunari eta kudeaketari buruz jarduteko helburuarekin.

Eurasian Grassland Group taldeak antolatu du ekimena eta Landaretza Zientzien Nazioarteko Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Hazik babestuko dute. Guztira, Europako, Asiako eta Ipar-Afrikako zenbait herrialdeetako 81 ikertzaile, aditu eta zientzialarik parte hartuko dute.

Topic-en egin dute ekimenaren aurkezpena, eta Idoia Biurrun Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Botanikan aditua den tolosarrak hartu du lehenik hitza: "Kongresu hau ez da hiri handietan egiten, nekazaritza-eremuetatik gertuago dauden herrietan baizik. Horregatik aukeratu genuen Tolosan egitea. Larre, belardi eta bestelako ekosistema irekiak hobeto ezagutzea da gure erronka, ezagutza hori gizarteratu eta ekosistema horiek modu egokian kontserbatu ahal izateko. Zenbait azterketek erakutsi dute, eskala txikian, dibertsitate handiagoa dagoela kalitatezko belardi batean, Amazoniako oihanean baino".

Hitzaldi eta tailerrak, Topic-en

Aurtengo edizioaren baitan, parte-hartzaileek 68 ikerlan aurkeztu dituzte: 36 hitzaldi labur eta 31 poster. Horiez gain, hiru hitzaldi nagusi eta bi tailer izango dira. Irailaren 12an, bi tailerretan parte hartzeko aukera izango dute ikertzaileek. Ortopteroen (matxinsaltoak eta kilkerrak) ekologiari eta kontserbazioari buruzkoa izango da bat, intsektu talde horretan aditua den Rocco Labadessaren eskutik. Bestea, berriz, artikulu zientifikoak idazteko hainbat argibideren ingurukoa (Meet the editors), nazioarteko aldizkari zientifikoetako zenbait editorek lagunduta.

Irailaren 13an eta 15ean, hitzaldi saioak egingo dituzte Topic-en, inaugurazio ekitaldiaren ondoren. Alfonso San Migel, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Sistema eta Baliabide Naturalen Departamentuko irakaslea, Monika Janisova, Eslovakiako Zientzien Akademiako Botanika Institutuko ikertzailea, eta Arkadiusz Nowak, Opole Unibertsitateko (Polonia) Biologia Institutuko irakaslea izango dira hizlari gonbidatuak.

San Migelek, Espainiako larre eta belardi naturalen eta erdi-naturalen dibertsitatearen inguruan hitz egingo du, baita azken hamarkadetan kudeaketan izandako aldaketei eta biodibertsitatearen kontserbazio egoerei buruz ere. Janisovak, Kapatoetako askotariko belardi erdi-naturalei buruzko abeltzaintza praktika tradizionalen adibideak aurkeztuko ditu, Europako larre eta belardien kontserbaziorako ezagutza ekologiko tradizionalaren garrantzia azpimarratuz. Azkenik, Nowakek, Tajikistango larre eta bestelako habitat irekien dibertsitatearen ikuspegi orokorra azalduko du.

Belardi festa, Arantzazun

Hurrengo egunetan, txangoak egingo dituzte inguruko larreak ezagutzeko. Irailaren 14an, Aralar eta Aizkorri-Aratz Parke Naturaletara txangoak egingo dituzte. Biltzarkide talde batek mendi ibilaldi bat egingo du Aizkorrin, bertako larre, belardi eta sastrakadiak Javier Loidi Botanika katedradunaren eskutik ezagutuz. Beste biltzarkide talde batek, berriz, Aralar eta Aizkorriko mendi-hegaletako larre eta belardiak bisitatuko ditu. Idoia Biurrunek gidatuta, eta bertako nekazarien eskutik, belardien eta larreen kudeaketa tradizionala ezagutzeko aukera izango dute.

Bi taldeak Arantzazun elkartuko dira ilunabarrean, eta Grasland Party (belardi festa) ospatuko dute. Bertako jakiak eta edariak (gazta, barazkiak, haragia, sagardoa, ardoa...) dastatuko dituzte eta euskal dantza eta musika tradizionalaz gozatzeko aukera izango dute.

Irailaren 16tik 18ra, hiru eguneko irteera egingo da Nafarroara, larre-paisaiak, larreen erabilerak eta bertako fauna eta flora ezagutzeko helburuarekin. Dagoeneko itxi dute irteera horietarako izen-ematea, baita aurrez aipatutako hitzaldi eta tailerretarakoa ere.

Beste esperientzietatik ikasteko aukera

Olatz Peon Tolosako alkateak hartu du hitza ondoren. Nazioarteko topaketa bat Tolosan ospatzea "herriarentzat aukera interesgarria eta garrantzitsua" dela adierazi du. "Kongresuaren gaia erabat lotuta dago gure izaerarekin, Tolosa landa eremuaz inguratutako hirigunea delako. Naturak, larreek eta biodibertsitateak garrantzia berezia dute hemen, gure paisaia, tradizioa, jatorria eta elikadura erabat lotuta daudelako lurrari, nekazaritzari eta abeltzaintzari". Halaber, elkar-ezagutza beti "aberasgarria" dela arrazoitu du. Topaketa honek aukera emango digu garena ezagutzera emateko eta balioan jartzeko, baina baita beste herrialdeetako esperientzietatik ikasteko ere, biodibertsitatearen zaintza eta kontserbazioaren alde lanean jarraitu dezagun".

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako Diputatuaren esanetan, biltzar honek "berebiziko garrantzia" du, bai biodibertsitaterako, baita landa-komunitateen garapenerako ere, jasangarritasunean, ekitatean eta justiziaren printzipioetan oinarritutako kudeaketa eredu batentzat. "Ezinbestekoa da biodibertsitatearen eremuan ditugun babes-beharrak ezagutzea eta onartzea, eta aldi berean, landa-inguruneetan dauden ekosistema ekologiko, sozial eta ekonomikoak zaintzea eta sustatzea, batez ere, belardien kudeaketaren inguruan", esan du diputatuak.

Ingurumen departamentuak hilaren 14ko belardi festa diruz lagundu du, Gomiztegi artzain eskolara bisita batekin. "Artzaintzak, gure kulturaren parte izateaz gain, gure gizartearen egungo erronkei aurre egiten laguntzen du, hala nola, klima-aldaketari, demografiari eta tokiko ekonomiari", adierazi du Asensiok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!