ELKARRIZKETA

«Saiakera bat egingo dut padelean»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ira. 11a, 07:57

Lara Arrubarrena Shangai-n. LARA ARRUABARRENA

Dagoeneko tenis-jokalari ohia da Lara Arruabarrena Vecino (Tolosa, 1992). 2000. urtean hasi zen lehen pilotakadak ematen, eta bi hamarkada beranduago, kirol modalitatez aldatzea erabaki du. Gustura dago, lortu duen guztia handia izan delako. Erraketaren ordez, aurrerantzean pala hartuko du eskuartean.

Lara Arruabarrena tolosarrak tenislari profesional izateari utzi dio. Kirol honi lotuta egin duen ibilbidea errepasatu du Ataria-k. Motibazio faltagatik hartu du erabakia; hala ere, zorteduna dela aitortu du. Orain erronka berri bat dauka: padel-jokalari profesionala bilakatzea.

Duela aste batzuk, publiko egin zenuen tenislari profesional izateari uzteko erabakia. Zerk bultzatu zaitu erabaki hori hartzera?

Ez da egun batetik bestera hartutako erabaki bat izan. Asteak, hilabeteak eta urteak neramatzan gai honekin buruan bueltaka; azken hilabeteetan, gainera oso txapelketa gutxi jokatu ditut, eta beraz, une perfektua zela iruditu zait. Tenisean jokatzeak oso zoriontsu egin nau, eta eskertuta nago eman didan guztiagatik. Hala ere, azken bizpahiru urteetan ez naiz gustura sentitu, eta esfortzu handia egin behar izan dudala iruditzen zait. Asko bidaiatu behar izan dut kirol honetan herrialde desberdinetan jokatzeagatik, eta azken urteetan, hori ez zitzaidan hasierako urteetan bezain dibertigarria eta entretenigarria iruditzen. Prestakuntza aldetik, entrenamenduak egitea ere gehiago kostatzen zitzaidan, eta beraz, ez nuen batere ondo entrenatzen; hori dela eta, lehiatzerako orduan gaizki jokatzen nuen.

Profesional izan naizen bitartean, inoiz ez dut pentsatu sakrifiziorik egiten ari nintzenik tenisean jokatzeagatik, baina azkenean, beste ikuspuntu batekin begiratu ditut zenbait gauza. Orain arte gutxi baloratu izan ditudan zenbait gauza baloratzen ikasi eta egin nahi ditut, besteak beste, lagunekin gehiagotan egotea edota egun bereziak familian igarotzea. Horien falta handia sumatu izan dut azken urteetan.



Ondorioz, motibazio falta handia nuen, bai entrenamenduetan, baita partida ofizialak jokatzerakoan ere. Kirolari profesionalek, entrenamenduak egin ohi dituztenean, helburu jakin batzuk bete nahi izaten dituzte, eta horiek lortzeko lan egiten dute. Nire kasuan, azken hilabeteetan neure buruari ez nion erronkarik jartzen, ez tenislarion sailkapenean postu batzuk gorago egoteko, ezta txapelketarik irabazteko ere, eta beraz, entrenamenduetara joatea ez zen erraza izaten.

Entrenamendu bakoitza aurrekoa baino askoz ere gogorragoa egiten zitzaidan. Fisikoki ez ezik, mentalki ere indar handiko lana izaten ari zen. Gogorik gabe entrenatzera ere heldu izan naiz, zerbait egite hutsagatik, eta azkenean, ezerezagatik entrenatzen ari nintzela konturatu nintzen. Uste dut kirolari guztiei heltzen zaiela horrelako momentu bat, eta niri aurten egokitu zait tenisarekin.

Kito. Amaitu da zuretzako oso garrantzitsua izan den etapa bat, zure bizimodua izan dena, zure egunerokoa.


WTA.

Zortzi urte nituela hasi nintzen tenisean jokatzen. Gaur egunera arte, ez dut kasik beste ezer egin. Noski ikasketak burutu nituela, eta bestelako zenbait gauza ere bai. Baina, tenisa zaletasuna izatetik ogibide izatera igaro zen, eta noski, ulertezina litzake nire bizitza tenisa gabe.

Gertuko senideen eta tenis munduko lagunen animo eta maitasun mezuak jasoko zenituen, ezta?

Mezu ugari jaso ditut, eta guztiak ere, oso ederrak. Familiako senideek, Tolosako aspaldiko lagunek, tenisean nirekin zenbait momentu partekatu dituzten jokalariek, nire aurka partidaren bat edo beste jokatu dituztenek edota prestatzaileek idatzi didate, eta betiko gordeko ditut guztiek esandakoak.

Gogoan duzu erraketa bat eskuetan hartu zenuen lehen egun hura?

Ondo gogoan dut. Udako ikastaro batean izena eman nuen Donostiako Tenis Taldean. Ondarreta auzoko instalakuntzetan jokatzen genuen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Hala, gero bertan entrenatzen hastea erabaki nuen, eta horrela aritu nintzen 15 urte bete arte.

Ez zen erraza izango ia egunero Tolosatik Donostiara joan behar izatea.

Ez, batez ere nire gurasoentzat. Nire ahizpa Olga ere aritu zen zenbait urtez, eta beraz, biok eraman eta ekartzen gintuzten. Beraz, esfortzu handia suposatzen zuen beraientzat. Beraiek hori egin nahi izan ez balute, ez nintzateke orain naizena izango.

Eta nolakoak izan ziren hurrengo urteak?

15 urte nituela, Espainiako Tenis Federazioak beka bat eskaini zidan, Bartzelonan, errendimendu handiko zentro batean ikasketak eta kirola uztartzeko. Guztia ordaintzen zidaten, eta egiari zor, eskertzekoa zen hori. Tenisa, materialari dagokionez, eta batez ere, ni bezalako gazte baten kasuan, kirol garestia da, eta hastapenetan horrelako diru laguntza bat izatea paregabea izan zen.

Ondorioz, baiezkoa eman nion federazioari. Bartzelonara joan nintzen, eta bost urtez egon nintzen bertan entrenatzen. Urte horietan, munduko ehun tenislari onenen artean sartzea lortu nuen, eta beraz, bertan geratzea erabaki nuen. Nire bizitzan etapa garrantzitsu baten hasiera zela pentsatu nuen. Gainera, ordurako nahikoa diru inbertitu nuen kirol honetan, eta beraz, zerbait irabazteko esperantza ere banuen.


Tanto bat ospatzen Madrilgo Mutua Open txapelketan. ATARIA

Hortaz, bost urte horiek giltzarri izan ziren zuretzat.

Bai, batez ere, lehen hiru urteak; egokitzapen prozesu luze bat izan zen. Ez naiz inoiz izar bat izatera heldu, baina ondo jokatzen nuen, eta beraz, etengabeko formakuntza eduki ahal izan nuen. Azken bi urteetan, txapelketa batzuetan arrakasta izatea lortu nuen, eta beraz, diru kantitate handiak lortu nituen.

Erraz egokitu zinen Bartzelonara eta tenislari erdi-profesional baten bizimodura?

Gogoan dut Tolosan pozez zoratzen nengoela Bartzelonara nindoalako. Gehien gustatzen zitzaidan gauza egitera nindoan, tenisean jokatzera alegia. Lagun berriak egiteak ez zidan zailtasunik eragiten. Hizkuntza akademikoak eragiten zidan kezka edo errespetu apur bat. Tolosan erabat euskaraz ikasten nuen, eta Bartzelonan, dena katalanez izango zela esan zidaten. 15 urte nituela, gaztelaniaz ere ez nintzen aise moldatzen.


Arruabarrena 12 urterekin, txapelketa bat irabazi ondoren. LARA ARRUABARRENA

Halaber, inoiz bisitatu gabeko lekuetara bidaiatzeko aukera izan nuen lehen urte horietan. Leku zoragarriak ezagutu ahal izan nituen tenisari esker. Inoiz jokatuko ez nituela pentsatzen nuen txapelketetan ere parte hartu ahal izan nuen, eta hori eskertzekoa da.

Eta lehen urteak igaro ondoren, nola suertatu zen profesional bilakatu eta txapelketa garrantzitsuagoak jokatzeko aukera?

Kirolari profesional askoren kasuan, haurrak zirenean, oso ohikoa izaten zen, «handitan profesionala izan nahi dut» esatea. Nik ere hala pentsatu nuen tenisean hasi eta urte batzuetara. Hala ere, gero, oso gutxik lortzen dute kirol honetan profesional izatea, eta beraz, balioan jartzeko moduko lorpena da. Lehen urte horietan, beti nuen garbi, litekeena zela gauzak gaizki irtetea, eta beraz, profesional izateko aukerarik ez izatea. Hala ere, emaitza bikainak lortzen ari nintzen, munduko tenislari onenen zerrendan ere gorantz nindoan, eta astez asteko entrenamenduetan hobekuntzak nabari nituen nigan. Ondorioz, etenik gabeko prozesu bat izan zen, espero gabekoa, eta aldi berean, emaitzak ikusita, alde batera utzi ezin nuena.

 

«Beste bizitza batek emango lizkidakeen baino gauza on gehiago eman dizkit tenisak»



2012an, 20 urte zenituela, lehen WTA titulua irabazi zenuen Bogotan (Kolonbia). Une horretan, gauza handiak lor zenitzakeela pentsatu zenuen?

Aurrez bizitako guztia bezala, espero gabekoa izan zen. ITF zirkuituan jokatu nuen lehendik; WTA zirkuitua baino maila bat apalagoko txapelketez osatutako zirkuitua da. Eta zirkuitu horretan, partida gehiago irabazten nituen, akaso errazagoa zelako. Baina, bat-batean, WTA txapelketa bat jokatu nuen lehen aldian, irabaztea lortu nuen. Zerbait arrunta zela pentsatu nuen orduan, urtean bitan gertatu zitekeela edo, baina urteak pasa ahala, partidak irabaztea gehiago kostatzen zitzaidala ohartu nintzen, eta beraz, hurrengo txapelketa irabazi nuenean, balio handia eman nion lorpenari.

Akaso gaizki ohituta zeundelako?

Baliteke.

Urte berean, Roland Garros Txapelketako lehen kanporaketa jokatu zenuen, baina ez zenuen aurrera egiterik izan. Ivanovic, gerora munduko tenislari onena izan zena, izan zen zure borrero.

Bai, baina txapelketa horietan, aurkarien izenak eta izanak baino gehiago beldurtzen ninduten tenis-pistek. Dena zen handia. Horri lotuta, badut anekdota bat. Ivanovicen aurkako partida Suzanne Lenglen pistan jokatu nuen. 10.000 ikuslerentzako edukiera du, eta lehen aldia zen halako tamainako pista batean jokatu behar nuena. Bada, partida aurreko beroketa saioan, kezka eta helburu bakarra izan nuen: nire entrenatzailea aurkitzea. Ez nuen ikusten. Bila eta bila aritu nintzen, baina ez nuen aurkitzen, eta oso urduri nengoen [Barreak]. Azkenean, jipoi handia eman zidan Ivanovicek.

Munduko onena izan zen Jankovicen aurka ere jokatu zenuen gero Ameriketako Estatu Batuetako Irekian. Erraz esaten da.



Zozketa bidez erabakitzen dira lehen kanporaketak eta ondorengo bidegurutzeak, eta bi kasu horietan hala egokitu zitzaidan. Ez da askotan gertatzen, baina gertatuz gero, badakizu zaila izango dela «ezustekoa» ematea. Hala ere, ohore handia izan zen bi izar horien aurka jokatzea, eta beraz, ezin dut gehiago eskatu.

2015etik 2018ra bitarte, tenisean dauden lau txapelketa handienetako —Grand Slam— lehen kanporaketak gutxienez jokatu zenituen. 2018an, gainera, bigarren kanporaketarako sailkatu zinen lau txapelketetan. Zure urterik onenak izan ziren horiek?

Zintzotasun osoz, ez dut buruan gordeta garai bat bestea baino hobea izan denik. Egia esan, urte guztiak nahikoa irregularrak izan dira niretzat, eta urtero izan ditut momentu oso onak, baina baita momentu oso txarrak ere; gorabeherak izan ditut aldiro. Hortaz, esango nuke urte bakoitzean momentu oso on bat bizitzeko aukera izan dudala, eta hori da niretzat garrantzitsuena.

2017an eta 2018an, berriro izan zinen txapeldun Bogotan. Gustuko zenuen Kolonbiako hiriburua?

Hala dirudi [Barreak]. Ez galdetu zergatik, baina Kolonbiara joaten nintzen bakoitzean, konfiantza handiarekin joaten nintzen txapelketa jokatzera. Jarraitzaileek eta gainerako tenislariek errespetua zidaten, jakitun zirelako azken kanporaketetara iristen nintzela. Horrek guztiak lagundu egiten zidan, eta bazirudien dena ondo egiten nuela.

2018an, gainera, ehun tenislari onenen zerrendan mantendu zinen zazpigarren urtez jarraian. Nola lortzen da hori?

Tenislari onenek, zerrendako goiko postuetara heldu eta hor mantentzeko, lan handia egin behar izaten dute urte guztian zehar; iraunkortasun handia behar da horretarako, zentzu guztietan. Nik lehen aitortu dut nahikoa irregularra izan nintzela, baina noski, irregularra maila jakin batean. Tenisaren kasuan, oso zaila da ehun onenen artean sartzea, eta gero oso erraza bertatik kanpo geratzea. Izan ere, aurreko urteko emaitzak berdindu edo hobetu behar izaten ditu tenislariak, puntuak lortu eta zerrendan gora egiteko, edo behintzat behera ez egiteko.

Kirolak, oro har, sakrifizio handia eskatzen du, batik bat, dietari erreparatuta. Zure kasuan, erraza izan da sasoi betean egotea?

Sasoiko zaudenean, lesioak izateko arrisku txikiagoa duzu, eta beraz, oso garrantzitsua da elikadura ere kontrolpean izatea. Horri lotuta, badut beste pasadizo bat. Ni jatun ona kontsideratzen naiz, eta tarteka, nire entrenatzaileak brownie bat jatera animatzen ninduen. Nik ezetz esaten nion, ez zitzaidala komeni. Berak sasoian nengoela esaten zidan, eta beraz, ez zela ezer larria izango. Azkenean, arrazoi zuela esan eta jaramon egiten nion. Hala ere, nire ibilbide profesionaleko lehen urteetan, 2012 aldera, izan behar nukeena baino pisu gehiago nuen.

2016ko urtarrilean, Australian bikote mistoa osatuz jokatu zenuen partida baten emaitzagatik, iruzur egitea leporatu zizuten. Zer gertatu zen?

Ez. 25 urte nituen, eta gogoan dut partida amaitu berritan, New York Times egunkaritik elkarrizketa bat egiteko deia jaso genuela. Mezu ugari iristen hasi zitzaizkidan, eta momentu batez, txantxetako kontua zela iruditu zitzaidan. Hala ere, Bartzelonara heldu nintzenean, zerbait larria bihurtu zitekeela esan zidaten. Pentsa, 25 urte besterik ez nituela, polizia eta ikertzaileak etxean sartu zitzaizkidan, eta ez zen batere atsegina izan. Hilabete zailak izan ziren. Hedabideek adierazpenak egiteko eskatzen zidaten, baina ez nuen ezer esan, badaezpada. Azkenean, maiatza aldera, ezerezean geratu zen dena, zorionez.

Zure palmaresari begiratuz gero, final askotara heltzea lortu duzu, baita horietako batzuk irabaztea ere. 364 garaipen eta 291 porrot izan dituzu guztira. Oreka hori, behintzat, alderdi onera erori da.

Orokorrean, nire ibilbideari begiratuz gero, oso positiboa da [Barreak]. Inoiz ez naiz izan zenbakiei erreparatzen dien horietakoa. Estatistikak begiratzen zituzten lagun eta jokalari asko izan ditut inguruan, baina beti pentsatu izan dut hobea zela ez begiratzea, autoestimuarentzat batez ere. Porrotak bata bestearen atzetik pilatzen banituen ere, berandu baino lehen garaipen bat lortuko nuela pentsatzen nuen. Inoiz ez irabaztea ezinezkoa zela esaten nion neure buruari. Hori izan da betidanik nire jokatzeko modua.

Garaipen handiei dagokienez, WTA zirkuituko hamar titulu irabazi dituzu, horietatik zortzi binakako modalitatean. Hobeto moldatu izan zara taldean?

Egiari zor, garaipen gehiago lortu izan ditut bikoteka, eta beraz, binakako rankingean banakakoan baino hobeto sailkatuta egon izan naiz. Oso gustuko izan dut betidanik binaka jokatzea, nahiz eta ia inoiz ez dudan bikotekide berarekin jokatu. Bakarkako ibilbidea izan da beti nire lehentasuna, baina izugarri gozatu izan dut bikoteka jokatuz. Berez, entrenamendu gisara jokatzen nituen binakako partidak, banaka jokatzen nuenean izaten nuen presiorik gabe.

Akaso, presiorik gabe jokatzeak laguntzen zizun partidak irabazten.

Bai, akaso bai, baina nire ibilbideko azken urteetan espektatiba edo helburu handiegiak ezarri nituen, eta betetzen ez zirenez, kolpe handia jaso nuen. Etsita egon nintzen, eta asko kostatzen zitzaidan lehiatzea, nik gustukoen nuena egitea alegia. Horregatik, betiko uztea erabaki nuen.

Urtarrilean jokatu zenuen zure azken partida profesional modura. Beranduago adierazi zenuen bakean eta lasai zoazela, eta oso zoriontsu zarela. Gauza onak utziko zituen tenisak zure oroimenean.

Zorteduna sentitzen naiz, kirol honek eman didan guztiagatik, eta kirol honi esker ezagutu eta lortu ahal izan dudan guztiagatik. Asko gozatu dut. Beti gustuko izan dut bidaiatzea, eta leku berriak ezagutzea izan da tenisak eskaini didan aukera handienetako bat, baita lagun berriak egitea ere. Tenisa bera kirol bezala barru-barrutik ezagutzea, eta berarekin dakartzan balioak ezagutzea, eta lanaren eta diziplinaren parte izatea ere zoragarria izan da.

Tenisa barru-barrutik ezagutu ahal izan duzula diozu. Parekidetasun arloan, zein da egoera? Alde handia dago beste kirol batzuetan bezala?

Desoreka egon badago. Diruari dagokionez, hala ere, egia da txapelketa nagusienetan, gizonezkoek eta emakumezkoek jasotzen dituzten ordainsariak berdinak direla. Maila txikiagoko txapelketetan, ordea, aldea dago. Halaber, tenislari onenen zerrendan 60. postuan dagoen gizonezkoak, 60. postuan dagoen emakumezkoak baino hiru aldiz diru gehiago jasotzen du.

Bestetik, tenislari asko ezagutu izan ditut, jokatzen ari zirela ama izan direnak, edota ama izan ondoren ere, jokatzen jarraitu izan dutenak, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Bidaia askotan haurra ondoan eraman, eta entrenamendu saioetarako ere ordutegia egokitu behar izaten dute. Miresgarria iruditzen zait.

Tenisak, ordea, zerbait kenduko zizun, ezta?

Ez dut uste. Beno, betikoa ezta? Denbora. Baina zintzotasunez esanda, inoiz ez dut kendu didan horren falta sumatu. Beste bizitza batek emango lizkidakeen baino gauza on gehiago eman dizkit tenisak. Ez nuke esango sakrifizio handirik egin dudanik. Agian, azken urteetan, ordura arte egin gabeko zenbait gauzaren falta sumatu izan dut, baina besterik ez.

Orain berriro zerotik hasiko bazina, bada egin duzunetik aldatuko zenukeen zerbait?

Orain erraza da baietz esatea. Beharbada, hartu izan ditudan zenbait erabaki ez nituzke berriz hartuko, edo beste erabaki batzuk hartuko nituzke, ondorio hobeak izango zituztelakoan. Hala ere, tartean izango dira zenbait erabaki onerako hartu izan ditudanak, eta berriz erabakitzeko aukera izanez gero, akaso, txarrerako hartuko nituzkeenak. Beraz, dagoen bezala utziko nuke.

Arruabarrena padelean, Juan Alday prestatzailearekin. ATARIA


Eta orain zer? Zer egingo duzu? Tenisari lotuta jarraituko duzu?

Saiakera bat egingo dut padelarekin. Padel jokalari profesionala bilakatu nahi dut. Ilusio handiarekin ezarri dudan helburu pertsonal eta profesionala da, eta ea zer-nolako emaitza izaten duen.

Azken urteetan gorantz doan kirola da; geroz eta jende gehiagok jokatzen du padelean, eta jarraitzaile asko ditu. Askotan aritu izan zara padelean?

Beti izan dut gustuko padelean aritzea, baina tenisa dela eta, ezin izan dut askotan jokatu. Opor egun batzuk izaten nituenean, edo etxera itzultzen nintzenean, lagunekin elkartu eta partida batzuk jokatzen genituen, ondo pasatzeko helburuarekin. Inoiz ez dut jarraikortasun handiarekin jokatu, eta orain, hori eta maila jakin bat lortzea izango dira helburuak.

Ez da tenisaren berdina, baina badituzte antzekotasun batzuk, ezta?

Bai. Oraingoz oso gutxi jokatu dut, baina hormak dira nire arazo nagusia, ez nago ohituta eta.

Eta zer moduz aritu izan zara orain arte?

Orain arte egin ditudan saioetako mailak ez du zerikusirik jokalari profesional izan nahi horretan lortu beharko nukeen mailarekin. Nahiko berria den kirola da, niretzat zer esanik ez, baina jokatzen duten jokalariak geroz eta prestatuago daude. Beraz, lan handia egitea egokitu zait.

 

364 irabazitako partida ofizialak

Bere ibilbide profesionalean, 364 partida ofizial irabazi ditu Lara Arruabarrenak; galdu, berriz, 291. Guztira, WTA zirkuituko hamar titulu irabazi ditu, eta zazpi urtez jarraian mantendu da munduko ehun tenislari onenen artean.

MOTZEAN

 

Tenislari bat? Serena Williams.

Tenis-pista bat? Suzane (Roland Garros).

Txapelketa bat? Wimbledon.

Zure arerio nagusia? Tita Torro.

Eta noren aurka jokatzea gustatuko litzaizuke? Serena Williams.

Zure indargune handiena? Borrokalari izatea.

Eta ahulgune nagusia? Irregulartasuna.

Tolosa edo Bartzelona? Tolosa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!