ELKARRIZKETA

«Nire pasioa da eta hau egiten hil nahiko nuke»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 10a, 07:57

Maria Jesus Gomez Castaño- E. MAIZ

Maria Jesus Gomez Castaño tolosarrak ia bizitza osoa darama kakorratzei lotuta, eta duela zazpi urtetik Tolosako Eskuz dendan ari da lanean. Puntua egiteak mendekotasuna sortzen duela aitortu du, eta baita zoragarria dela ematen duen guztia ere, batik bat, lagun artean elkartuta egiten denean. Duen taldearekin maiteminduta dagoela kontatu du, eta beraiek gabe «ezinezkoa» izango zuela Solanako eguzki-oihalaren proiektua aurrera eramatea.

Zazpi urte beteko dira Gomezek Tolosan Eskuz denda ireki zuenetik; barru-barrutik bizi ditu kakokarratzak eta artilea, eta kasualitatez bukatu du zaletasunari erabat lotutako denda batean lanean; Solana kalea estaltzeko eguzki-oihala osatu dute kide ezberdinen artean.

Noiz hasi zinen kakorratz eta hari artean?

Txikitan lagun batekin hasi nintzen kakorratzekin jolasean. 12-14 urte izango nituen. Nire zaletasuna puntua egitea zen. Zaletasuna zen; lanarena beste kontu bat da. Nire amak josi egiten zuen, puntua,... baina oso txikia zara momentu horretan, eta jolasa zen eta utzi egin nuen. Fundamentuz 18 bat urterekin hasi nintzen puntua egiten. Aldiz, ikasi, aldizkarietan irakurriz edo esaten zidatenarekin ikasi nuen. Ondo edo gaizki egin mundu zoragarri honetan sartu nintzen, eta erabat harrapatu ninduen. Mundu guztiarentzat ehuntzen nuen; niretzat, etxekoentzat... eta seme zaharrena jaio zenez geroztik ez naiz gelditu ere egin, eta 30 urte ditu.

Egunero egiten duzu?

Bai. Nik kanpoan lan egiten nuen, eta etxea, haurrak eta nire zaletasuna uztartzen nituen.

Eta nolatan erabakitzen duzu denda irekitzea?

Lanik gabe geratu nintzen eta autonomo egin beharra neukan. Komertzio batean lana egin nuen, eta horrelako zerbait martxan jarri nahi nuen. Eta denda honetara iritsi, likidazioan zegoela ikusi, eta lokala libre geratuko zela jakinda, tokia interesatzen zitzaidala esan nion jabeari. Nik beste asmo batzuk nituen, eta berak proposatu zidan artilearekin jarraitzea. Bere bezeroa nintzen, eta horrenbeste ehuntzen nuela eta banekiela jakinda, niretzat aproposa zela esan zidan. Eta horrela sartu nintzen denda honetan.

Noiz ireki zenuen?

Azaroan zazpi urte egingo ditut. Ni dendara iritsi nintzen, eta gauza bat da zuk zuretzat egiten jakitea, eta beste gauza bat da erakusten jartzea. Hizkuntza teknikoa oso ondo menderatzen dut aldizkarietatik, baina erakusten hastean konturatu nintzen ez nekiela ezer. Jendeari azaltzen hastean eta bere azalean jartzean, ez nekien nola egin. Asko mugitu nintzen, eta orduak eta orduak sartu nituen frogak eginez. Eta lehen nekienak eta orain dakidanak ez du zerikusirik.

Zazpi urtean hobetu egin duzu, beraz.

Zazpi urteetan puntuaren profesionala bihurtu naiz. Hori da ezberdintasuna. Lehen afizionatu bat nintzen eta orain profesionala naiz, eta oraindik ere ikasteko asko geratzen zait. Mundu zoragarri bat da eta ez da bukatzen. Denda honek denboran irautea gustatuko litzaidake. Ez dut erretiroa hartzea planteatu ere egiten; hau egiten hil nahiko nuke. Egoera ekonomikoak posible egiten badu nik orain egiten dudana egiten jarraitu nahi dut. Nire pasioa da.

Honelako denda bat izatea zen zure ilusioa?

Inondik inora ere ez. Ez nuen inoiz pentsatu. Kasualitatez iritsi zitzaidan. Afizionatu bat nintzen eta gustatzen zitzaidana erostera etortzen nintzen denda honetara. Nire gauzatxoak baino ez nituen egiten. Hemen sartu izanak zentzu guztietan hezi nau.

Helduekin lotzen den zerbait da?

Hori da jendeak duen kontzeptua, eta nik hori aldatu nahi izan dut. Eta dendaren kanpoan kakorratzak hartu eta ehuntzen jarri izana hori da. Etxean nago, eta eguraldi ona egiten duen egunetan, kanpoan, benetan gustatzen zaidana egiten jartzen naiz, eta jendeak ikus dezala zer egiten dudan eta zer egin daitekeen. Ez da lotsarik sentitu behar zure etxeko atean gustatzen zaizun zerbait egiteagatik. Ikusaraztea da kontua, eta kuriositatea sortzen du behintzat eta jendeak galdetzen du. Asko gustatzen den irudia da, eta beti Espainia erdi edo hegoaldeko herriekin lotzen dugu, baina hemen Gipuzkoan ere egiten da eguraldiak laguntzen badu. Aurretik inoiz egin ez den zerbait egiten hasi nintzen eta atentzioa deitzen du. Guztia da. Denda, eta dendarekin batera sortzen joan naizen gauzak, jarri dugun toldoa tarteko edo terrazaz terraza puntua egiten aritzearena.

Ideiarik ez zaizu falta?

Hainbeste gustatzen zaidanez eta gauza ezberdinak eta politak egin nahi ditudanez, buruak ez dio lana egiteari uzten eta gauzak sortzen dira.

Baina gazteek badute puntua egiteko ohiturarik?

Egia da nik denda hartu nuenean bezeroen gehiengoa adinekoa zela; jada gutxiago egiten duen edota kasu ezberdinengatik egiteari utzi dion jendea izan da. Gazteak autodidaktagoak dira, hau da, Interneten begiratzen dute. Baina, bai, jende gazteak puntua egiten du. Zalantzarik badute etortzen dira niregana eta laguntzen diet, baina ez da ohikoena. Kontsumitzen dute, nahiz eta ez den nik nahiko nukeen beste. Nik batik bat adinekoei laguntzen diet. Bada hasi eta buka puntua egiten dakien jendea, baina beste batzuk laguntza behar izaten dute aurrera egiteko. Hori aurreko jabearengandik heredatu dudan zerbait da. Asko ehuntzen duen jendea da, baina laguntzarekin.

Eta jende asko etortzen da galdezka?

Bai, bai. Zer egin nahi duten esaten didate, kalkulatzen laguntzen diet eta azaldu nola egin behar duten, baina gero, pauso guztiak ez zaizkie buruan geratzen eta aurrera egin ahal izateko dendatik pasatzen dira galdezka behin eta berriz. Aldiz, beste batzuei, beraiek autonomoak edo independenteak izan daitezen erakusten diet, eta hori da lortu nahi dudana. Helburua hasi eta buka laguntzarik gabe egin nahi duzun pieza bukatzea litzateke. Hori da nahi dudana eta horregatik irakasten dut, eta horregatik biltzen gara puntua egiteko. Eta denon artean elkar laguntzen dugu. Izatez denda ideien kutxa bat da.

Urte sasoi guztian aritzen da jendea kakorratzekin?

Uda garaian ez, jendea aisialdira begira egoten da. Nik ez diot uzten urteko inongo sasoitan, baina jendearen gehiengoak uda iristen denean utzi egiten du. Argi ordu gehiago daude eta etxetik kanpora beste aktibitate batzuk egin ditzakezu, eta jendeak puntua etxean ordu gehiago pasatzen dituzun garairako uzten du, udazken eta negurako. Pandemia garaian boom bat sentitu nuen, baina jada libre utzi gintuztenean jaitsiera etorri zen. Honek, bai ala bai, dedikazio eta gogo asko izatea eskatzen du, eta pazientzia handia.

Erraza da ikastea?

Bai. Hasieran ezinezkoa dela iruditzen zaizu, baina erraza da. Hori bai, egunero tarte bat eskaini behar diozu eta jarraikortasuna izan behar duzu, bestela ez. Erakusten noan hori praktikan ez baduzu jartzen segituan ihes egiten du.

Zer ematen dizu honek?

Irakaskuntza handia. Denetariko jendea dago eta komertzioetan dezente jasan beharra daukagu, baina orokorrean jendea oso esker onekoa da. Zerbait menderatzen badut, zerbait konplikatuagoa ikasten hasten naiz, eta inoiz egin ez dudan hori egiten saiatzen naiz. Erabateko jakin-nahiarekin nago, eta ikasteko gogoz. Erronka txikiak dira niretzako, eta ez nekien hori egitea lortzen dudanean izugarrizko poztasuna da niretzako. Eta azkenean guzti honek pertsonalki nire bizitzarako balio dit. Zentzu guztietan hezten zara; hezten laguntzen dizu eta erabakiak hartzen laguntzen dizu, eta arriskuak hartzen. Ez da hasitakoa desegiteko beldurrik izan behar; gaizki egin baduzu desegin egin behar da. Eta poztasunik handiena norbaitek nire gomendioei jarraituz pieza bat egin eta gustura gelditzen denean izaten da. Eskerrak emate horrek ez dauka preziorik. Edota lagundu izana eskertzen dutenean, gustura daudela nirekin esatean,... Gauza horiek esatea polita da.

Eguneroko ogia ateratzeko egiten dituzun gauzak saldu egiten dituzu?

Koloreak probatzen aritzen naiz eta inoiz egin ez ditudan modeloak egiten ditut dendan nagoen bitartean. Behin bukatzen ditudanean, prezioa jarri eta salgai jartzen ditut. Eta era berean, norbaiti gustatuz gero nola egin erakusten diot, eta zein pauso eman behar dituen. Gaur egun, saltzea kosta egiten da. Eskuz egindakoak gustuko izaten dituzte, baina ez dituzte ordaindu nahi izaten.

Nolatan sortzen da ostiraletan kandelen argiekin ehuntzeko elkartzearen ideia?

Bost edo sei uda daramatzagu egiten. Elkartzen garenean askotan barruan aritzea baino atseginagoa da kanpoan egotea, eta talde horretan suertatu zen ideia egun eta ordutegi bat zehaztu genezakeela puntua eginez elkartzeko. Denoi egoki iruditu zitzaigun, eta hasiera batean, ostiraletan denda 20:00etan itxi eta 00:00ak arte aritzen ginen. Hirugarren urtetik aurrera 23:00etara mugatu genuen. Kaleak ia jenderik gabe geratzen dira, eta ikusgarri izateko publikoa egon behar du. Eta aurten, esaterako, 22:30etara jaitsi dugu, nahiz eta, gehienean 23:00k jo diguten. Elkartzeko egun bat jartzea izan zen ideia, elkarrekin egon ahal izateko.

Zenbat elkartu ohi zarete?

Egunak daude. Librea da. Lau-bost elkartzen gara gutxienez eta gehienez hamar bat. Bakoitzak ahal duen ordutegia egiten du. Aulkiak bakarrik ezin nituen jarri, eta zerbait polita egin behar nuen; argi batzuk erosi nituen eta kandelak piztu.



Jendea begira geratzen da edo galdetzen du?

Denetarik dago. Urrutitik ikusten gaituzte, eta zer gertatzen ote den begiratzen dute. Eta «ze polita» eta «ze inbidia ematen didazuen» izaten dira gehien esaten dizkigutenak. Orduan, nik guztiak gonbidatzen ditut. Doan da. Astean zehar edo ostiraletan etorri daitezke. Eta gizonei ere gustatzen zaie.

Gizonek puntua egiten dute?

Uste baino gehiagok, baina aurpegia ematen dutenak gutxi batzuk dira, eta horrek pena ematen dit. Eta zinez puntuaren oinarria gizonezkoetan dago. Arrantzaleak hasten dira puntua egiten, eta portura iristean emakumeari erakusten dio. Edota zenbat artzainek egiten zituzten beraientzat galtzerdiak, mendian hilabeteak eta hilabeteak pasatzeko! Beraiek ateratzen zuten artilea eta beraiek egiten zuten puntua. Eta oraindik ere adineko artzainek jarraituko dute galtzerdiak egiten.

Solana kale osoa estali duzue eguzki-oihalez.

Izugarrizko beroa egiten du kale honetan eta hortik sortu zen ideia. Material asko hondatzen zait eguzkiak asko jotzen duelako, eta toldorik ezin da jarri. Hasiera batean nire dendaren parerako egitea zen asmoa, eta kideak animatu zitzaizkidan, baina berotu nintzen eta kale osorako egitea erabaki nuen. Itzala kale osoari ematea nahi nuen. Udalari aurkeztu nion proiektua, eta ideia gustatu zitzaien, eta jarraian bizilagun guztiekin hitz egin nuen. 2018an hasi ginen, eta erdia 2019an jarri genuen. Eta pandemia tarteko aurten lortu dugu kale osoa bukatzea. Negurako kendu egingo da, eta mantentze lanak egingo ditugu, eta hurrengo urtean berriz jarriko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!