Hilaren 22a da euskaltegian matrikulatzeko azken eguna

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 7a, 18:00

Tolosako Aitzol Udal Euskaltegian zabalik dago izen ematea, eta aurten ere eskaintza zabala prestatu dute euskarara gerturatu nahi dutenentzat.

Zabalik dago Tolosako Aitzol Udal Euskategian matrikula egiteko epea. Tolosako eta eskualdeko herritarrei zuzendutako ikastaroen eskaintza zabala prestatu dute, eta matrikula egiteko azken eguna hilaren 22a da. Aurtengo leloa Euskara niretzat, hiretzat, harentzat, guretzat, zuentzat, zuretzat; euskara guztiontzat da.

Euskara ikasi nahi duen eta 16 urtetik gora dituen edonork eman dezake izena ikastaroetan: kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, erretiratu berriek, merkataritzako langileek edota zenbait kolektibotakoek: Asuntzion klinikako langileek,  Osakidetzakoek, epaitegikoek... Euskara ikasteaz gain, agiri ofiziala nahi duen edonork ere eman dezake izena, A1 mailatik hasi eta C2 maila bitartean. 

Ainara Arakama euskaltegiko zuzendariak ikasturte berrirako «gogotsu» daudela aurreratu du, eta beraien lana «eskualdeko herritarrek euskararekin duten harremana hobetzeko bidelagun izatea» dela azpimarratu du. Ikasketa eskaintza zabalaz gain, ordutegi zabala ere eskaintzen du Aitzol Udal Euskaltegiak: 10, 8, 6 eta 5 orduko aurrez aurreko moduluak goizetik iluntzera, eta autoikaskuntza aukera, eskoletara joan ezin direnentzat eta ordutegi malguagoa behar dutenei zuzenduta.

Aurten, berrikuntza moduan, mintzataldeak sortuko dituzte B1etik gorako ikasleentzat; «talde hauetan, herritarrek, beren hizketako gaitasuna lantzeko aukera izango dute irakasle baten gidaritzapean». Taldeak martxan jarri ahal izateko, ordea, taldeko zortzi pertsonek izena ematea «behar-beharrezko» dutela argitu du; «guretzat oso-oso garrantzitsua da interesa duena matrikula garaian etortzea».  

Euskara ikasi nahi duenak diru laguntzak jasoko ditu, Tolosako eta Tolosaldeko udalek egiten duten ahaleginari esker. Udalek jartzen dituzten baldintzak betetzea beharrezkoa izango da, eta modu pertsonalean ematen dituzte. 
Iaz 200 ikasle inguru izan zituen euskaltegiak, eta Tolosako euskaltegian ez ezik eskualdeko zenbait herri txiki eta auzotan ere izaten dituzte taldeak. «Aurten ere jarraipena izatea espero dugu», zehaztu du zuzendariak.

Peñascal Kooperatiban ere klaseak ematen jarraituko dute, gazte etorkinak «euskalduntze bidean» jarriz. Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren barruan, hezkuntza arautuan ez dauden zaintzaileak euskalduntzen hasteko asmoa dutela aurreratu du: «Zerbitzu hori eskaintzeak egiten duten lanari balioa erantsiko dio». 

40 urteko ibilbidea
Aurtengo ikasturtea, gainera, berezia izango dute: «40 urte beteko ditugu herritarrak euskalduntzen eta alfabetatzen», esan du Arakamak. 40 urteetan euskaltegia Tolosan mantendu izana «pozgarria» dela adierazi du, eta baita Tolosako Udalak baliabideak jartzen jarraitu izana ere. «Euskara ikasteak eta euskaraz aritzeak baliagarri izan behar du Tolosan bizitzeko».  

Kanpo ekimenak ere antolatzen dituzte, eta aurten ekimen gehiago egitekotan dira 40 urteak direla eta; besteak beste, eskolak kalera aterako dituzte «euskara ikastea eta ondo pasatzea» bateragarriak direla erakutsiz. Galtzaundiren mintzalaguna egitasmoan parte hartzera ere animatzen dituzte ikasleak, eta gogora ekarri dute, aurten, Euskaraldia ere izango dela. 

Egunerokotasunean euskara bizitzako alor guztietara zabaldu nahi dute, eta horretarako euskaltegiak ateak zabalik dituela herritar guztientzat nabarmendu dute.  

«Bidea dugu egiteko»
«Gaur-gaurkoz euskara da nagusi Tolosako kaleetan» esanaz, Xabier Balerdi Tolosako euskara zinegotziak Tolosako datuak jarri ditu mahai gainean. «Euskararen erabilera berrindartzen ari da Tolosan, euskararen kale erabilerari buruzko azken azterketaren emaitzek erakutsi duten moduan; gazteei esker hein handi batean, eta baita helduei esker ere». Baina, eragile eta norbanako askoren lanaren eta ahaleginaren lorpena dela hori esan du, «baita ikastetxe, erakunde eta nola ez, euskaltegiena ere. Bide onetik goaz, baina bidea dugu oraindik ere egiteko»­. 

Horretarako, Tolosan «tresna garrantzitsuak» dituztela nabarmendu du: «2022-2024 Euskara Sustatzeko Ekintza Plana dugu, Euskararen Aholku Kontseiluan garatua, herriko eragile guztien parte hartzearekin. Herriko premietara dimentsionatutako lanabesa da, arlo guztietan euskararen erabilera hauspotzen jarraitzeko Tolosan». Berriki eratu den Tolosaldeko Euskararen Mahaia aipatu du Balerdik, «euskararen normalizaziorako, herri mailan bezala, eskualdean ere hizkuntza politikak elkarlanean garatu ditzagun». 

Herritarrak izena ematera animatu ditu, «euskara ikasteko eta gure etorkizuna euskaratik eraikitzeko aukerarik galdu ez dezaten».

Aitzol Udal Euskaltegia 
Tolosa. Rondilla kalea, 34.  Gorosabel eraikineko 3. solairua. Telefonoa: 943 67 26 60. Helbide elektronikoa: aitzolue@tolosa.eus.
Matrikula. Irailaren 22a bitarte egin ahal izango da  euskaltegian bertan, 09:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!