Kiroldegiko erreserbak egiteko plataforma aldatuko da irailaren 12tik aurrera

Ataria 2022ko irailaren 7a

Datorren astelehenetik aurrera, kiroldegiko erabiltzaileek plataforma berrian sartzeko bi aukera izango dituzte: Usabalkiroldegia.com webguneko BPXport erreserba arloa bata, eta BPXport Gimnasios deituriko app-a bestea.

Ikasturte berriarekin batera, BPXport enpresak hartu du Tolosako Udaleko kirol instalazioak modu integralean kudeatzeko ardura. Hori horrela, kiroldegiko instalazioen erreserbak egiteko plataforma aldatu egingo da. Irailaren 12tik aurrera, egungo plataforma bertan behera geldituko da eta bazkideek plataforma berrian sartzeko bi aukera desberdin izango dituzte: Usabalkiroldegia.com webguneko BPXport erreserba arloa bata, eta BPXport Gimnasios deituriko app-a bestea. Azken honen kasuan,  kiroldegira sartzeko erabiltzen den eskumuturrekoaren ordez, sarrerako tornua zabaltzeko QR kode bat emango zaio erabiltzaileari. 

Edozein dela erreserba egiteko aukeratutako bidea, erabiltzaile moduan nortasun agiria edo posta elektronikoko helbidea eta pasahitz bat jarri beharko dira. Plataforma aldaketa dela eta, bazkideek orain arte erabilitako pasahitzak ez du balioko, horrenbestez, nortasun agiria edota posta elektronikoa sartu ondoren, pasahitza gogoratu sakatu beharko da, eta zuzenean mezu elektroniko bat jasoko dute hori berritzeko. 

Horrez gain, jakinarazi dute kiroldegira sartzeko txarteletik eskumuturrekoaren sistema berrira aldaketa egiteko ez dagoela epe mugarik eta bazkide izanik, inor ez dela sartu gabe geldituko. Eskumuturreko berria kiroldegian bertan eskuratu ahal izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!