Trail Eskolan eta heldunetzako mendi irteeretan izena emateko aukera

Ataria 2022ko ira. 1a, 13:06

Zumardia elkarteak ireki du Trail Eskolan eta helduentzako mendi irteeretan izena emateko aukera.

Zumardiako Trail Eskola gaztetxoak eta helduak mendian korrika ibiltzeko formatzera zuzenduta dago, eta ordu eta erdiko saioak egingo dituzte astero. Mendian korrika egiten ikastearekin batera ingurumenarekiko errespetua eta mendiagatiko maitasuna bultzatuko direla esan du elkarteak. Ikastaroa urriaren 3tik maiatzaren 31ra luzatuko da, eta taldeak osatzeko gutxienez 4 pertsonek eman behar dute izena. Tolosa eta inguruko mendietan ariko dira. 18 urtetik beherakoek hilean 35 euro ordaindu beharko dituzte (bazkideek 32 euro) eta helduek 40 euro (bazkideek 36 euro). Ibon Artola Mendi Kirol Teknikaria eta mendi gidariak zuzenduko ditu saioak.

Hauek dira adinen arabera astero egingo dituzten saioak:

  • 2012, 2013 eta 2014ean jaiotakoak: Asteazkena 17:30-19:00
  • 2010 eta 2011ean jaiotakoak: Osteguna 17:30-19:00
  • 2008 eta 2009an jaiotakoak: Asteartea 17:30-19:00
  • 2006 eta 2007an jaiotakoak: Astelehena 17:30-19:00
  • 2005 eta 2004ean jaiotakoak: Astelehena 16:00-17:30
  • Helduak: Asteartea 19:00-20:30

Helduentzako mendi irteerak

Mendiaz, naturaz eta inguruneaz gozatzeko aukera eskainiko du Zumardiak helduei begirako mendi irteerekin. Urritik maiatzera bitarte egingo dituzte larunbat goizetan; 7 irteera izango dira guztira, abenduan ez baitute irteerarik egingo. Erritmo oso lasaian ibiliko direla esan du Zumardiak eta 3 ordu inguruko irteerekin hasiko direla, 5 ordu inguruko irteeretara iritsi arte. 130 euro ordaindu behar dira (bazkideek 117 euro) eta mendi gidaria Ibon Artola izango da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!