Amarozko estalki eta jolas parke berria, erabilgarri

Ataria 2022ko abu. 31a, 07:57

Auzo Etxe ondoan egin dituzte hexagonoa izenez ezagutzen den eremuan. Erabilera anitzeko estalkia eta jolas parke berria egin dituzte, auzotarrekin batera eramandako parte hartze prozesuan jasotako eskakizunei erantzunez.

Tolosako Udalak amaitu ditu Amarozko Auzo Etxe alboan estalki berria eraikitzeko eta naturan integratutako jolas gunea sortzeko lanak. Tolosarrek dagoeneko erabili ditzakete bi eremu berriak, estalkiko harmailak izan ezik, hilabeteko epean egongo baitira erabilgarri.

Azken urteetan Amarotz auzoan egin diren lanei jarraipena emanez, eta Amarozko Auzo Etxe ingurua berrantolatzeko parte hartze prozesutik ateratako ondorioei eta eskakizunei erantzunez eraiki dituzte estalpea eta naturan integratutako jolas gune berria. Proiektua auzotarrekin partekatu dutela gogoratu du udalak eta haiekin adostu dituztela estalkiaren diseinua eta jarri diren jolas berriak.


Erabilera anitzeko gunea
Eremuari erabilera desberdinak emateko diseinatu dute estalkia, euria egiten duen egunetarako jolas gune gisa. Estalpearen azpian anfiteatro txiki modukoa eraiki dute, auzoan antolatzen diren ekintzak bertan gauzatu ahal izateko. Bertako harmailak hilabeteko epean egongo dira erabilgarri. 

Naturan integratutako jolas gunea

Era berean, naturan integratutako jolas gune berri bat sortu da Auzo Etxe ondoko belardian. Jolas gunea osatuko duten jolas, eserleku, zein bestelakoak egurrez eraikitako elementuak dira, inguru naturala ahalik eta gehien errespetatuz, zuhaitzak mantenduz eta gune berde ahalik eta zabalena bermatuz. Hala, eserlekuak, tirolina, oreka jokoak eta txirrista jarri dituzte, denen artean jolas-ibilbidea osatuz. Jolas horien azpia malgutzeko kautxuzko zorua jarri ordez, harea elementu naturala erabili dute. Inguruan belarra landatuko dute horretarako garai egokia denean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!