Bihartik aurrera eskumuturreko bidez soilik sartu ahal izango da kirol instalazioetara

Ataria 2022ko abuztuaren 31

Irailetik aurrera BPXPORT enpresak kudeatuko ditu udal kirol instalazioak, eta indarrean sartuko da eskumuturreko sistema berria Usabal kiroldegira eta Berazubiko estadiora sartu ahal izateko.

Irailaren 1etik aurrera BPXPORT enpresa arduratuko da Tolosako Udaleko kirol instalazioen kudeaketaz. Hori horrela, indarrean sartuko da Usabal kiroldegira eta Berazubiko estadiora sartzeko pultsera sistema berria. 

Horiek horrela, erabiltzaileek orain arte erabiltzen zuten txartela eskumuturrekoarengatik ordezkatu beharko dute kiroldegian bertan, eta dagoeneko egin dezakete aldaketa. Pultsera sistemaz gain, erabiltzaileek ez dute bestelako aldaketarik nabarituko zerbitzuei eta ordainketei dagokienean.

Ordutegi zabalagoa

Kontratu berriaren baitan hainbat hobekuntza eta inbertsio egitea ere aurreikusten da herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzen jarraitzeko helburuarekin eta instalazioak egoerarik onenean mantentzeko asmoz. Horrela, irailaren 1etik aurrera ordutegia zabalduko dute eta Usabal Kiroldegia irekita egongo da astelehenetik larunbatera 07:00etatik 22:00etara eta igande eta jai egunetan 08:00etatik 14:00etara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!