Pasa den ostiralean, LXXI. San Bartolome Sari Nagusia jokatu zen Gernikan (Bizkaia). 2022ko Lehendakari Torneoaren egutegiko lasterketa zen, eta bertan izan ziren afizionatu mailako txirrindulari onenetarikoak, guztira, 180. Tartean, Tolosako bi lasterkari izan ziren: Gorka Sorarrain (Baque Team) eta Iñaki Diaz (Caja Rural).
Lasterketa entretenigarria izan zen. Tropelak uneoro kontrolatuta izan nahi zuen; ez zuten nahi helmugara ihes egindako txirrindularirik heltzea. Hala ere, eta lasterketaren amaierako kilometroetan, hain justu Bizkaiko Balkoirako igoera gogorra baino lehen, maila handiko laukote batek ihes egin eta alde nabarmena zabaltzea lortu zuen: Sinuhé Fernández (Lizarte), Gorka Sorarrain (Baque Team), Jorge Gonzalez (Gomur-Cantabria Infinita) eta Iñaki Diaz (Caja Rural). Igoerako azken maldetan minutu bateko aldea zuten tropelarekiko.
Kilometro horietan, ordea, Gonzalez atzean geratu zen, eta gainerako hiru txirrindularien artean erabakiko zen garailea Gernikako helmugan. Sprintean erabaki zen, eta azkenean, Sorarrain izan zen azkarrena. Iñaki Diaz izan zen bigarren, eta hirugarren Sinuhe Fernandez helmugaratu zen. Tropel nagusia irabazlearengandik 10 segundora heldu zen helmugara. Caja Rural taldeko Mulu Kinfek jarraitzen du Lehendakari Torneoko lidertzan.
"Lasterketa gogorra izan da. Gorabehera handiko ibilbidea zen eta oso bizkor joan gara uneoro. Hala ere, ihesaldi garrantzitsuenean sartzea lortu dut", adierazi zuen Sorarrainek lasterketa amaitu berritan. Denboraldi amaierarako "gogotsu" dagoela aitortu du tolosarrak. Aste honetan Frantziako itzuli batean ariko da, eta hurrengoan Valentziako Itzulian parte hartuko du. Beranduago, Lehendakari Torneoko azken lasterketetan arituko dela aurreratu du.
Denboraldi honetan, taldekideentzako lanean aritzea egokitzen ari zaiola azaldu zuen Diazek. Hala ere, horrelako aukera bat izanda, lasterketa bat irabazteko gai dela erakutsi nahi izan zuen. "Lau laguneko ihesaldi nagusian egoteko gai izan naiz, eta beraz, oso pozik nago egindako lanarekin, baina penaz ez irabazteagatik".
Irailaren 8an jokatuko dute Lehendakari Torneoko hurrengo lasterketa. Andra Mari Sari Nagusiaren txanda izango da, Urdulizen.
Ikusi hemen Gernikako lasterketaren laburpena eta azken metroetan lehen bi sailkatuek egindako sprinta:
#TorneoLehendakari | #Gernika
— Bizikleta.com (@BizikletaCom) August 26, 2022
LXXI San Bartolomé Saria
🏁 Gernika 107 km. (Meta)
Victoria al sprint de Gorka Sorarrain (Cafés Baque) por delante de Iñaki Díaz (Caja Rural). Completa el podium Sinuhe Fernandez (Lizarte).#LehendakariTxapelketa pic.twitter.com/sOfC5J2V0G
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!