Nerea Eizagirrek golak egiten jarraitzen du. Pasa den denboraldian 16 egin zituen, zein baino zein ederragoak. Atzo ere beste baloi bat bidali zuen sarera, etxean gainera. Realak eta Athleticek Berazubi futbol zelaian jokatu zuten partidan izan zen. XII. Euskal Herria Kopa Txapelketako finalerdia jokatu zuten Euskal Herriko bi talde onenek, eta horrelakoetan gertatu ohi den moduan, ikusle ugari bertaratu ziren Tolosako estadiora derbia ikustera. Tolosa CF kluba bere mendeurrena ospatzen ari da, eta partida ekitaldietako bat izan zen.
Reala 2 eta 0 aurreratu zen markagailuan, eta gol horietako batean Eizagirre izan zen goleko pasea egin zuena. Athleticek aldea murriztu zuen bigarren zatian, baina partida amaitzear zela, zenbait metroko lasterketa baten eta aurkariari iskin egin ondoren, gol ederra sartu zuen tolosarrak. Horrela, erabakita utzi zuen partida (3-1), eta Reala sailkatu zen finala jokatzeko.
Igandean, irailak 4, izango da partida hori. Alavesen aurka jokatuko du Realak, Azkoitiko Txerloia zelaian. 12:00etan hasiko da norgehiagoka, eta dagoeneko salgai daude sarrerak 8 eurotan Ehkirola.eus/sarrerak web-orrian.