Eukene Larrartek hezur-edema bat du sorbaldan

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abu. 26a, 09:59

Txirrindulari tolosarrari froga gehiago egin dizkiote Europako Txapelketan izan zuen erorikoa dela eta; epe luzeko errehabilitazioa du aurretik, baina bitartean, lasterketetan parte hartzen jarraitu ahal izango du.

Eukene Larrarte txirrindulari tolosarrak erorikoa izan zuen orain bi aste Munichen (Alemania) jokatutako elite mailako Europako Txapelketan, bakarkako kanporaketan. Eroriko larria izan zen, eta kolpe handia jaso zuen sorbaldan; ezin izan zuen proba amaitu.  Min handia zuen tolosarrak, hala ere, medikuek egin zizkioten azterketetan ez zuten artikulazio arazorik ezta hezur hausturarik antzeman. Erorikoaren ondorioz, hurrengo egunetan, Larrartek ezin izan zuen Tania Calvorekin batera Madison proban parte hartu, ezta ere bakarkako Omnium proban ere; azken honetan, Calvok ordezkatu zuen tolosarra.

Behin alemaniar lurrak atzean utzi eta etxera itzuli denean, medikuek froga gehiago egin dizkie Larrarteri, eta horietan hezur-edema bat atzeman dute. Kirolariek sei eta zortzi hilabete artean behar izaten dituzte lesio honetatik sendatzeko, edema desagertu arte. "Alde batetik, lasaiago nago, tendoiak ondo daudelako, eta hori zen gehien kezkatzen ninduena", aitortu du tolosarrak Track Piste pistako txirrindularitzaren atarian.

Hala ere, Larrartek lasterketetan parte hartzen jarraitu ahal izango du, betiere, edemak min ematen ez badio. Aste honetan bizikletan ibili da, behintzat. "Hiru orduz aritu nintzen bizikleta gainean, eta traba egiten badu ere, jasangarria da. Eragozpen eta arazo handiagoak ditut eguneroko bizitzako zenbait mugimendu egiterakoan", azaldu du. Datozen asteetan minari aurre egin beharko dio tolosarrak; hori izango du lehia handiena. "Ea egunetik egunera hobetzen noan; espero dut hala izatea. Ez dut epe luzerako helbururik ezarri nahi", gaineratu du.

Halaber, medikuek froga gehiago egin beharko dizkie Larrarteri, hezur-edemak ez baitu hezurraren egitura guztiz ikusten uzten, eta beraz, oraindik gerta liteke tolosarrak pitzadura txiki bat izatea; datorren astean atzemango dute. Oraingoz, errehabilitaziorako entrenamenduekin eta fisioterapia, krioterapia eta magnetoterapia saioekin jarraitzen du Larrartek.

Hurrengo asteburuan pistako Espainiako Txapelketak jokatuko dituzte, eta oraingoz, "zuhurtziaz" jokatu nahi duela esan du. "Lasterketan parte hartzea ezin egokiagoa da niretzat, sasoian egoteko, Munduko Txapelketei begira, hori baita helburu nagusia. Hori bai, eroriz gero, hezurra hausteko arriskua oso handia litzake, ez dudalako babes berdina. Adibidez, ezinezkoa izango dut madison proban parte hartzea, mugimenduengatik".

Bestetik, irailaren 7tik 11ra izango den La Challenge by La Vuelta lasterketa markatuta du egutegian. "Bertan egotea gustatuko litzaidake, litekeena delako denboraldi honetako errepideko azken lasterketa izatea. Gainera, lehen esan bezala, munduko txapelketetarako prestakuntza modura aurreikusten dudan proba da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!