Bedaio auzoraino Banda Zabala eramatea lortu da Aldundiaren eta Tolosako Udalaren elkarlanari esker

Ataria 2022ko abu. 24a, 11:59

Olatz Peon, Tolosako alkatea, eta IƱaki Labaka, Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Orekako aholkularia, Bedaion. Argazkia: Gure Lurra aldizkaria

Zuntz optiko bidez Tolosako Bedaio auzoa osatzen duten kale etxe multzoetara eta baserrietara banda zabala barreiatu da, eta ondorioz, abiadura azkarrean nabigatu ahal izango dute hemendik aurrera bertako bizilagunek. 

Jakina da ekintza hau burutzea oso konplexua dela, bai ekintza administratiboetan eta baita obra lanak burutzerakoan ere. Gainera, Bedaioko egoera larria eta berezia zenez, Tolosako Udalak ahalegin handia egin du emandako trataerarekin asmatzeko.

Tolosako Udaleko ordezkaritza bat, alkatea buru zela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Orekako zuzendaritza taldea Telefonica enpresako ordezkariekin bilerak eta etengabeko gestioak egin behar izan dituzte Bedaiorako aurreikusita zeuden hedapen epeak aurreratu ahal izateko. Ez nahi bezain azkar baina azkenean lortu da.

Lehenengo arlo horretan erabakigarria izan da Olatz Peon Tolosako alkatearen papera, oso parte-hartze aktiboa izan baitu barreiaketaren esleipen prozesuan. Batetik, obra esleitu zitzaion enpresako ordezkariekin bildu zen eta Bedaio inkomunikatuta ez geratzearen garrantzia helarazi zien. Bestetik, barreiaketa egiteko obren baimenak izapidetzeko garaian, bai Tolosako Udalari zegozkionak, eta bai foru erakundeari, berehala tramitatuak izan zitezen arduratu zen. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren arteko elkarlanak Bedaioko bizilagunei Banda Zabalaren onurez gozatzeko aukera erraztu die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!