Beotibar Zesta Punta Elkartearekin batera egingo du denboraldi berria Beotibar Pala Sailak

Ataria 2022ko abuztuaren 22a

Desadostasunak medio, Tolosa Aurrera Pilota Elkartearekin izandako zazpi urteko ibilbideari amaiera eman dio. Gomaz paletan, larruzko paleta, pala motzean eta palaz ibilbide berriari ekingo dio oraingoan.

Beotibar Pala Sailak denboraldi berria hasiko du Beotibar Zesta Punta Elkartearekin batera. Orain arte Tolosa Aurrera Pilota Elkartearen parte ziren, baina azken urteetako desadostasunen ondorioz, erabaki hau hartu behar izan dutela azaldu du Beotibar Pala Sailak: “Zazpi urte egin ditugu Tolosa Aurrera Pilota Elkartearekin batera, baina azken urteetako desadostasunek erabaki honetara eraman gaituzte. Ez gara materian sartuko, luze eta gure arazoak izan direlako”.

Orain, “pena handiz”, azken urteetan lortutako gomazko paletako lehen mailako, eta bigarren mailako postuak utzi behar dituztela jakinarazi dute, “baita ere paleta larruz eta pala motzen lortutakoak, baina era berean ilusio berriak gure gain egin dute dagoeneko”.

Hala ere, ibilbide berriari ekingo diote; gomaz paletan, larruzko paletan, pala motzean eta palaz. “Gaur eta hemen, gure ibilbide berria Beotibar elkarteri esker aurkezten dizuegu, orain arte Tolosako Palistak osaturiko talde osoak izango duen aukera berriari bere onena emateko prest. Seguru izan dena emango dugula”, esan du.

Halaber, eskerrak eman dizkiote Behar Zana Pelota Elkarteari eta Oiangu Pelota Elkarteari beraien etxeko ateak ireki eta maite duten kirolean jarraitzeko aukera emateagatik. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!