Tolosako hilerrian musulmanak lurperatzeko tokia egokituko du udalak

Ataria 2022ko abu. 21a, 17:59

Hilerriko bi gune posible proposatu dizkie udalak eskualdean bizi diren herritar musulmanei; aukeratutako eremua urte amaieran egokitzea aurreikusten dute.

Askotariko erlijioak eta errealitate sozio-kultural gehiago daude gizartean; hori dela eta, azken urte honetan musulmanen ehorzketarako gero eta espazio gehiago egokitzen ari dira Euskal Herriko hilerrietan, eta lurraldeko zenbait udalerri beren hilerriak beharrizan berrietara egokitzen hasi dira. Penintsulan egiten diren ehorzketa gehienak udal hilerrietako lurzatietan egiten dira.

Urtea amaitu aurretik, Tolosako San Blas auzoan dagoen hilerrian herritar musulmanak lurperatzeko tokia egokituko du udalak. Arrigorriaga, Gasteiz, Donostia, Ordizia eta Elgoibarrekin batera, Tolosak duela zenbait urtetik parte hartzen du Eusko Jaurlaritzak 2018an bultzatutako Ados batzordean, hainbat herritako hilerrietan ehorzketak egiteko espazioak sortzeko; epe ertainean, Euskal Herriko eskualde bakoitzak lurperatze horietarako espazio bat edukiko duen hilerria izatea nahi du Jaurlaritzak.

Pandemiak agerian utzi zuen euskal hilerrietan hobiratzeak egiteko aukerarik ez egoteak erritu musulmanaren arabera sortzen zuen arazoa. Gorpuak lurperatzeko esparrurik ez zegoenez, ezin izan zituzten gorpuak hildakoen jatorrizko lekuetara eraman, mugak itxi zituztelako.

Donostia da izapideak gehien aurreratu dituen lurraldeko hiria, eta dagoeneko zehaztu du lurperatzeak non egingo diren; Polloe hilerrian erabiltzen ez den gune bat prestatzen hasi da, gaur egun hutsik dauden hobi komun zaharrak hartzen dituena. 400 metro koadroko lurzatia da, eta 70 hilobi prestatuko dituzte, 280 gorputzerako edukierarekin.

Mekara begira

Tolosan ere hasiak dira lanean, eta urtea amaitu baino lehen edo datorren urtearen hasieran komunitate musulmanaren ohiturak eta baldintza espezifikoak errespetatuko dituen gune bat egokituta izatea espero du.

San Blas auzoko hilerriak eskaintzen dituen aukerak aztertu ondoren, udalak bi proposamen aurkeztu dizkio Tolosako komunitate musulmanari. Alde batetik, gaur egun hilerrian dagoen erabilerarik gabeko espazio bat erabiltzea, beharrezkoak diren baldintzak beteko lituzkeena, besteak beste, intimitaterako espazio handiagoa edo sarbide independentea izatea. 300 metro karratu inguruko lursaila da, eta hilerriaren iparraldean dago, sartu eta ezkerrera. Bigarren aukera modura, mendi-hegalaren zati bat erabiltzea proposatu du udalak, eremu berri bat sortzeko egokituz; aukera horrek, baina, esku-hartze handiagoa eskatuko luke.

Musulmanen hileta-erritoak, 'Al-dafin' izenez ezagutzen denak, badu bereizgarri bat tradizio katolikoarekin alderatuz gero; izan ere, hilobiek Mekara (ekialdera) begira egon behar dute, eta gorpua alde bateruntz (eskubiruntz) lurperatu behar da, zuzenean lurrean eta hilkutxarik gabe. Edonola ere, eskualde guztiek ez dute horretarako aukerarik ematen, eta ohikoa izaten da hilkutxa bat erabiltzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!