Tolosako igerilariak, munduko onenen artean

Ataria 2022ko abuztuaren 19a

Igarondo Urpekoak taldeko Patxi Monge eta Gregorio Mancisidor igerilariek sei domina lortu dituzte Calin (Kolonbia) jokatutako master mailako Munduko Txapelketan.

Irati Lakunzaren erreleboa hartu dute Igarondo Urpekoak taldeko Patxi Monge eta Gregorio Mancisidor beteranoek, hegats igeriketako Munduko Txapelketan. 55 urtetik gorako kategorian hartu dute parte, eta guztira, sei domina lortu dituzte, ur gaineko 50 eta 100 metrotako probetan, eta apnea modalitateko 50 metroko proban: Mongek urrezko hiru domina irabazi ditu, eta proba berdinetan parte hartu duen Mancisidorrek, zilarrezko hiru domina lortu ditu. Mongek, gainera, apnea modalitateko proban, munduko errekor berria ezarri du, 16.86ko denborarekin.

Denboraldi berrirako prest

Udara oparoa izan da Igarondo Urpekoak taldearentzat, eta irailean gogor hasiko dira lanean emaitza hauek hobetzeko. Horretarako, kirol hau ezagutu eta probatzeko gonbidapena luzatu diete herriko gazteei.

Abuztuaren 29an hasiko du denboraldia taldeak; egun horretatik irailaren 2ra bitarte, doako ikastaroa eskainiko die interesa duten herritarrei Usabal Kiroldegian, 19:00etan hasita. "2022 urtea oso ona izan da taldearentzat eta denboraldi berri hau indartsu hasi nahi dugu", adierazi dute. Hegats igeriketa ezagutu nahi dutenek, beraz, aukera bat izango dute ikasturte berria hasi aurretik; horretarako, igarondourpekoak@hotmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali dezakete edo zuzenean igerilekura azaldu daitezke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!