Bizkerrek lortu du garaipena

Ataria 2022ko abuztuaren 17a

XII. Euskal Herria Kopako lehen hiru partidak jokatu ziren larunbatean; tartean, Tolosako nesken lehena. Eskualdeko neskek, ordea, ezin izan zituzten bizkaitarrak garaitu eta 0-1ko emaitzarekin lortu zuten aurkariek lehen garaipena.

Euskal Herria Kirolak antolatzen duen Euskal Herriko emakumezkoen futbolaren txapelketa abiatu da, eta dagoeneko lehen partidak jokatu dituzte. Hain zuzen, larunbatean Tolosako futbol taldea Bizkerre taldearen aurka aritu zen Usabalen. Euriaren ondorioz, lehenengo zatian joko eta aukera gutxi izan baziren ere, bigarren zatian atertu eta joko gehiago izan zuten bi taldeek. Lehia estua izan zuten, eta falta batean sartu zuten gola bizkaitarrek. Tolosakoek amore eman gabe, ezin izan zuten markagailua berdindu, eta azkenean, 0-1ko emaitzarekin Bizkerrek lortu zuen garaipena.

San Ignaciok ere irabazi zuen lehen partida Berriozarren aurka. Partida berdindua izan bazen ere, aurkarien kontraerasoak tarteko, San Ignaciok baloia dominatzea lortu zuen garaipena eskuratuz. Oiartzun eta Mulier taldeek ere jokatu zuten larunbatean. Oiartzungo neskak izan ziren nagusi zelaian, aukera gehiagorekin. Hala ere, ez batak ez besteak ez zuten asmatu, eta azkenean, penaltiak jaurti behar izan zituzten puntu berdinketak erabakitzeko. Penaltietan 9-8ko emaitzarekin eskuratu zuten puntua Oiartzungoek.

Argazkiak: Euskal Herria Kirola (@ehkirola)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!