Donostiarrarekiko tartea estutzea lortu du Tolosaldeak

Ataria 2022ko abuztuaren 14a

Hirugarren egin du eskualdeko ontziak gaur Castro Urdialesen; bi jardunaldiren faltan Donostiarrak 19 puntu ditu eta Tolosaldeak 17. Oriok matematikoki irabazita dauka Euskotren Liga.

Gaur Castro Urdialesen Euskotren Ligako estropadan Tolosaldea hirugarren izan da, eta Donostiarra laugarren. Itzulerako luze hobea egin dute tolosarrek, eta sailkapenean bien arteko tartea estutzea lortu dute. Donostiarrak 19 puntu ditu eta 17 Tolosaldeak. Zarauzko Ikurrinaren bi jardunaldiak soilik geratzen dira liga amaitzeko.

Denboraldia, aise dominatu du Oriok, eta gaurkoarekin, orain arte jokatu dituzten hamabi estropadetatik hamar irabazi dituzte. Denboraldia parekatuta hasi zuten Oriok eta Arraun Lagunakek, baina azken estropadetan nabaria izan da bi ontzien arteko tartea. 46 puntu ditu Oriok, 38 Arraun Lagunakek. Zarauzko Ikurrinaren bi jardunaldien faltan, ezinezkoa da jada Arraun Lagunakek errenta jatea, eta beraz, Oriok irabazi du aurtengo Euskotren Liga.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!