Azken urteetan Tolosako Udalak energia eraginkortasunaren alde lanean dihardu eta hainbat neurri hartu ditu horren adierazle. Oraingo honetan ere atzo gaueko 00:00etan indarrean sartu zen Energia Aurrezteko Planarekin bat egin du. Planari jarraiki, hainbat eraikin publikoko argiak 22:00etatik aurrera itzali egingo dira Tolosan. Horiek dira asteburuan argiztatu ohi diren Zerkausia, kultur etxea, Gorosabeleko eraikina, udaletxea, Aranburu Jauregia, Iurreko zubia eta Plaza Berriko kioskoa. Kale argiztapena aldiz, mantendu egingo dela jakinarazi du Tolosako Udalak, pertsona ororen segurtasuna bermatze aldera.