Abuztutik aurrera jokatuko da XII. Euskal Herria Kopako 2022 edizioa

Ataria 2022ko abuztuaren 9a

Abuztuan hasi eta iraila bitarte jokatuko da lehiaketa. Hamabi taldek parte hartuko dute guztira, eta aurtengoan ere bi mailetan banatuko dira, Tolosa tartean.

Iritsi da, beste behin, Euskal Herria Kirolak antolatzen duen Euskal Herriko emakumezkoen futbolaren txapelketa gorena. Ostiral honetan, abuztuaren 13an jokatuko dira XII. Euskal Herria Kopa 2022 edizioaren lehen partidak. Aurtengoan ere bi mailetan antolatu behar izan dutela jakinarazi du antolakuntzak, izan ere, taldeen egutegiak ez du beste aukerarik utzi. 

Horrenbestez, abuztuan jokatuko dira A maileko finalerdiak eta B maileko kanporaketa guztiak. B mailan bi multzo izango dira: A multzoan arituko dira Oiartzun, San Ignacio, Berriozar, Mulier eta Gasteizko Aurrera; eta B multzoan berriz, Tolosa, Bizkerre eta Angeluko Isatsak. Ligazko formatuan jokatuko da eta multzo bakoitzeko irabazleek finala jokatuko dute, irailaren 3an. 

Lehen partidan Bizkerre taldea izango du aurkari talde tolosarrak, eta ostiral honetan lehiatuko dute arratsaldeko 18:00etan, Usabalen. 

A maila

A mailari dagokionez, futboleko maila nagusian diharduten Alaves, Athletic eta Reala taldeak, gehi, oraindik zehazteko dagoen Eibar taldea arituko dira. Finalerdiak jokatuko dituzte eta finalerdietako irabazleek jokatuko dute finala. Reala eta Athletic-en partida abuztuaren 28an, arratsaldeko 16:00etan, Berazubin izango da.

Egutegi guztia ehkirolak.eus webgunean ikusgai dago.

Sarrerak

Internet bidez aldez aurretik sarrerak erosi ahal izango dira ehkirolak.eus/sarrerak webgunean. Dagoeneko A maileko Reala-Athletic finalerdirako sarrerak salgai daude. A maileko finalerako sarrerak aldez aurretik erosteko aukera ere izango da, behin finalerdiak jokatu eta gero. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!