Tolosako Udaberri dantza taldeko 33 kide Ameriketako Estatu Batuetan izan dira, Boisen zehazki, bertako Oinkari dantza taldeak San Inazio egunaren bueltan antolatzen duen jaialdian parte hartzeko. Bost eguneko bidaia egin dute.
Bost urtez behin ameriketara joandako euskaldunen ondorengoek ospatzen duten jaialdi handian parte hartzekoak ziren Tolosako dantzariak 2020an, baina pandemiagatik bertan behera utzi zuten ekimena eta 2025. urtera atzeratu. Dena den Boiseko Oinkari dantza taldekoek, urtero, uztaila bukaeran antolatzen duten jaialdira gonbidatu du Udaberri dantza taldea eta bertan izan dira eskualdeko 20 dantzari eta 13 musikari.
Hiru emanaldi eskaini dituzte eta Euskal Herritik joandako Korrontzi taldekoak ere izan dituzte alboan. "Ederra izan da bidaia. Antolaketa bikaina eta jendearen erantzuna primerakoa izan da, oso eskertuta agertu dira. Zaindu gaituzte eta harreman estuak egin ditugu bertakoekin", esan dute Udaberriko kideek. Hiru emanaldi nagusi horiez gain, dantza tailerrak ere eskaini dituzte Boisen eta fanfarreak bere aldetik saiotxoren bat edo beste egin du.
"Urte asko daramagu udan dantza taldearekin bidaiatzen, baina azkeneko hau ezberdina izan da. Ez genuen imajinatu ere egiten bertako jendeak Euskal Herria hain barruan sentituko zuenik", aipatu du taldekideetako batek. Lehen aldia da Atlantikoa gurutzatu eta hain urrutira doazela.
Lagunartean dabiltza eta behin emanaldiak eskaini ondoren, hango parajeak ezagutzeko baliatuko dute eskualdeko dantzariek Ameriketako Estatu Batuetara egindako bidaia.