Osasun publikoaren aurkako delituagatik pertsona bat atxilotu dute Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 6a, 10:58

Droga-trukeak egitea egozten diote asteazkenean San Frantzisko pasealekuan atxilotutako gizonezkoari; trasteleku batean eta etxebizitza batean miaketa judizialak egin ditu Ertzaintzak eta atxilotutakoa Tolosako Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute.

Ertzaintzak 51 urteko gizon bat atxilotu du Tolosan osasun publikoaren kontrako delitu bat leporatuta, San Frantzisko pasealekuan droga-truke bat egiten ari zenean poliziek harrapatu ondoren. Gero etxebizitza batean miaketa judiziala egin eta substantzia sorgorgarri gehiago atzeman dituzte.

Ertzainek joan den asteazken arratsaldean atxilotu zuten gizona, kalez jantzita zeuden patruilek droga-truke bat egiten ikusi ondoren. Horren aurrean, drogarekin trafikatzea leporatuta pertsona atxilotu eta ertzain etxera eraman zuten. Atxilotu zuten unean, substantzia sorgorgarrizko 15 poltsatxo, dirutan 90 euro eta telefono mugikor bat zeramatzan.

Ikerketa horren esparruan, bi miaketa judizial egin zituzten, bat trasteleku batean eta bestea etxe batean. Etxe hori droga saltzeko lekua izan zitekeelako ari ziren ikertzen.  Miaketan Oriako ertzain etxekoek parte hartu zuten Ertzaintzaren Txakur Unitatearen laguntzaz, eta substantzia sorgorgarriak, saltzeko prest zeuden 9 poltsatxo, 50 gramo speed egoera puruan, bi doitasun-balantza eta substantzia sorgorgarriak manipulatzeko tresnak aurkitu zituzten.

Bi miaketak eta polizia-eginbideak egin ondoren, atxilotua Tolosako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!