N-I errepidearen zoruan berreraikitze lanak egingo dituzte Tolosa parean

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 4a, 12:59

Abuztuaren 6tik 21era Gasteiz-Irun noranzkoan errepidea moztuta egongo da kilometro eta erdiko tartean; by-passa egingo dute zirkulazioa bermatzeko eta 3,5 tonatik gorako ibilgailuek ezingo dute bertatik pasa.

Abuztuaren 6tik 21era Gipuzkoako Foru Aldundiak N-I errepideko zoruaren egitura berreraikitzeko eta birgaitzeko lanak egingo ditu Tolosan, 434,340 eta 434,730 puntu kilometrikoen artean, Gasteiz-Irun noranzkoan. Obrak egiteko N-I errepideko galtzada moztuta egongo da kilometro eta erdiko tartean, by-passa egin ahal izateko. Tarte horretan, Irun-Gasteiz noranzkoan doan galtzadatik zirkulatuko da bi noranzkoetan. Obrak segurtasunez egin ahal izateko, abuztuaren 6tik 21era, biak barne, 08:00etatik 20:00etara, N-I errepidetik pasatzea debekatuko zaie 3,5 tonatik gorako zama-masa duten ibilgailuei, Andoain eta Beasain arteko tartean, jatorria edo helmuga tarte horretan duten ibilgailuei izan ezik. 

“N-I errepidearen zati horretan, beharrezkoa da lehendik dagoen zorua berregitea, errepidearen egitura -ahalmena lehengoratu ahal izateko”, azaldu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. “Aurreikusitako jarduerak konplexuak dira eta ezin dira asteburu bakarrean egin; horregatik programatu dira zirkulazio txikieneko urteko bi asteetan egiteko. Hala eta guztiz ere, trafiko handiko errepidea da, eta gerta litezkeen auto-ilarak aurreikusiz, beste bide batzuk erabiltzea gomendatzen dugu obrek irauten duten bitartean”, gehitu du.

Lanek eraginda Tolosa erdialdeko lotunean (N-I-434), Tolosarako irteera-adarra moztuta egongo da eta ibilgailuek Tolosa Hegoaldearen aurreko irteera hartu beharko dute (N-I-433) edo Tolosa Iparraren iparraldeko lotuneraino (N-I-436) jarraitu, Tolosa, Ibarra edo Lizartzara sartzeko.  

3,5 tonatik gorako ibilgailuei ezarri zaien debeku hori zirkulazioaren bi noranzkoetara zabalduko da, eta ezarritako masa muga gainditzen duten N-I errepidearen erabiltzaileak ordezko ibilbide hauek hartzera behartuko ditu: Nafarroatik Gipuzkoarako ibilbide luzeetan, gomendatzen da A-15 errepidea erabiltzea, Irurtzundik Andoaineraino. Gipuzkoatik Nafarroaranzko ibilbide luzeen kasuan, Andoain-Beasain noranzkoko murrizketak N-I errepideko erabiltzaileak A-15 errepidetik jarraitzera behartuko ditu, Andoaindik Irurtzuneraino. Goierriko eskualdetik datozen erabiltzaileei gomendatzen zaie Olaberriako N-I-417 lotunetik sartzea A-636 autobiara (Beasain-Durango) eta AP-1 eta AP-8 autobideak erabiltzea beraien helmugetara iristeko.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!