Aurrekontuaren exekuzio maila %74koa izan da 2021ean

Ataria 2022ko abu. 3a, 13:59

Tolosako udal gobernuak nabarmendu du 2021eko datuak "onak" izan direla, eta herritarren beharrei erantzun zaiela, aurreikusitako proiektuak albo batera utzi gabe.

Tolosako Udaleko kontu hartzaileak kontu orokorraren berri eman du azkeneko osoko bilkuran. 2021eko aurrekontuari begiratuta, eta maiatzean aurkeztu zen likidazioa esku artean, iazko exekuzio maila %74koa izan da. Udal gobernuaren ustez, datuak "onak" izan dira, pandemia aurreko urteak erreferentziatzat hartuta, orduko betetze maila berreskuratu delako.

Azken urteak kudeaketarako "konplexuak, aldakorrak eta ezjakintasunez" beteak direla azpimarratu du udal gobernuak. "Baliabideak zuhurtziaz kudeatu ditugu, pertsonak erdigunean jarriz, une oro herritarren beharrei erantzunez, aurreikusitako proiektuak albo batera utzi gabe". Alde horretatik urtean zehar egindako kreditu aldaketei esker aurreikusitako proiektuak gauzatu ahal izan direla azpimarratu du udal gobernu taldeak: "Hasierako aurrekontua 27 milioi eurokoa izan zen eta behin betiko aurrekontua, aldiz, ia 35 milioi eurokoa".

Pandemiak eragindako momentuko beharrei erantzuteaz gain, zerbitzuak indartu, egitasmo berriak abiarazi eta legealdian martxan jarritako egitasmoei jarraipena eman zieten 2021ean: Azoka Lagunak, Kultura Plazara, Tolosatzen Eskola Irekia, Jabetze Eskola, herriko talde eta eragileei bideratutako laguntzen mantentzea, Hiribus elektriko berria, alokairu ordainketa errazteko diru laguntzak, aldaketa klimatikoari aurre egiteko plana, genero indarkeriaren aurkako protokoloa eta jai berdinzaleen aldeko plana. Gizarte Zerbitzuen arloan ere, ahalegin berezia egiten ari direla nabarmendu dute udal gobernuko kideek, zerbitzuak "indartzen eta sendotzen" jarraitzeko.

Obrak gauzatuta

2021eko aurrekontu proiektuan eta aurreikusitako hirigintza lan eta obrak gauzatu ditu Tolosako Udalak. Laskorain kaleko obra, Gernikako Arbolaren bigarren fasea, Euskal Herria plazako zoruaren berritzea, Emakumeen Etxea eraikitzeko obra proiektuaren idazketa, Zumarditxikiko eta kultur etxeko proiektuen idazketei hasiera ematea, eguzki plakak jartzea Ferialekuan, Larramendiko biribilgunea egonkortzea, Samaniego herri eskolako kiroldegia birgaitzeko lanak egitea eta asfaltatze lanak gauzatzea, besteak beste.

"Zuhurtziaz kudeatu ditugu aurrekontua eta gerakina eta horrek aukera eman digu pandemia garaian hainbat neurri hartzeko: zergak izoztea, hiri-ekonomiako sektoreei tasarik ez kobratzea, erosketa bonuak ateratzea eta gizarte laguntzak handitzea, besteak beste. Baina aukera eman digu esku artean ditugun proiektuei aurre egiteko ere", azpimarratu dute udal gobernu taldetik. "Gure konpromisoei tinko eusten diegu, iazko likidazioa eta aurtengo aurrekontuak dira  horren adierazlerik nagusi eta argienak eta jarraituko dugu aurreikusitako proiektuak gauzatzen". Udal gobernuak, gauzatu beharreko lanen artean azpimarratu ditu Emakumeen Etxearen obra, Zumarditxiki berreskuratzeko obra, Zezen plazako laugarren fasea, Usabaleko hirugarrena, Abegi zentroa eraberritzeko obrak edota Gorriti plazako eremua zaharberritzekoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!