Etxegabetze baten arriskuaz ohartarazi du Kontseilu Sozialistak

Ataria 2022ko abuztuaren 3a

Tolosako familia bat kalean geratzeko arriskuaz ohartarazi du Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak.

Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez Tolosako familia bat etxegabetua izateko arriskuan dago, bi urte baino gehiagoz bizi izan diren etxebizitzaren alokairua osotasunean ordaintzeko zailtasunekin aurkitu eta gero. Mugimendu sozialistak ohar batean aipatu duenez, jabeak alokairuaren prezioa igotzeak eta familiaren egoera ekonomikoak ekarri du alokairuaren zati bat soilik ordaindu ahal izatea. Nabarmendu du, aldi berean, etxebizitza baldintza kaskarretan dagoela: "hezetasunak eta iluntasunak familiaren bizi kalitatean eragina du, eta besteak beste, elektrizitatearen faktura handiagotzea dakar".

Etxegabetua izateko arriskuan dagoen familia Palestinako gatazkatik ihesi datorren errefuxiatu famili bat dela aipatu du Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak. "Homologaziorako zailtasunak eta hizkuntzarekin lotutako trabek, besteak beste, euren egonkortasun ekonomikoa zailtzen dute, are gehiago krisi garaian". Aipatu dute, arrazoi horiengatik familia ez zela sinatutako alokairu kontratuaren zenbait inplikazioren jakitun.

Bikote bat eta euren hiru seme-alabak kale gorrian geratzeko arriskuaz ohartarazi du, beraz, antolakunde sozialistak, eta esan du, kasuak kapitalismoaren aurpegi "gordinena" azaleratzen duela. "Kapitalismoaren logikak agintzen duen honetan, etxebizitza ere, beste edozein oinarrizko behar bezala, merkantzia bat da. Horrela, hau ase beharrean, bertatik etekin ekonomikoa ateratzeko bitarteko bihurtzen da". Kontseilu Sozialistak uste du egungo krisiaren ondorioz, langileriak geroz eta sarbide zailagoa duela etxebizitzara. "Kalitatezko etxebizitza izatea giza eskubide bezala aitortua egon arren, horretarako dirua duenak soilik eros dezake".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!