Etxebizitzak birgaitzeko diru laguntzen ordenantzari hasierako onespena eman diote

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 30a, 11:30

Azkeneko osoko bilkuran aho batez onartu du udalbatzak sei diru laguntza barnebiltzen dituen ordenantzari hasierako onespena ematea.

Etxebizitzak eta bizitegi eraikinak birgaitzeko diru laguntzak emateko udal ordenantzari hasierako onarpena eman dio Tolosako udalbatzak. Ordenantza berriak herriko etxebizitza eta eraikinak irisgarriagoak eta jasangarriagoak izan daitezen diru laguntzak ematea du helburu.

Sei diru laguntza lerro barne bildu dituzte, bi multzotan banatuta. Elementu komunetan egindako obrei dagokionez, irisgarritasuna hobetzeko instalazioak eta obrak, teilatuen berritzea, egituren sendotzea eta fatxaden berritzea hartu dituzte kontuan. Diru laguntza lerro horietan guztietan, etxebizitza Alde Zaharrean, Euskal Herria plazan edota inguruetan kokatuta badago, laguntzetan %10 gehiago jaso ahal da, hirigune historikoa babeste aldera. Beste multzoan kanpoko arotzeria aldatzeko obrak hartu dituzte kontuan eta baita mugikortasun mugatua duten pertsonen eta 65 urtetik gorakoen etxebizitzak egokitzeko obrak ere.

EH Bildu udal taldeak proposatuta onartu da progresibitatea diru laguntza ordenantza berrian: "Aberastasunaren banaketa ezinbestekoa da gizarte justuago bat izateko, eta neurri hau bide horretan doa", esan du Ander Figerido zinegotziak. Osoko bilkuran jakinarazi dutenez, ordenantza berri honen bidez izapidetuko dira, baita ere, Erretengibeletik eratorritako eta udalak bere gain hartutako ebatzi gabeko laguntzak ere. EH Bildu kritiko azaldu da aurreko diru laguntza lerroak banatzen dituen Erretengibel sozietatearen desegitea legealdi hasieratik zegoelako mahai gainean, eta hala ere, ordenantza onartu gabe, urte eta erdi baino gehiago egon behar izan dutelako tolosarrek diru laguntzarik jaso gabe. Erretengibel egon ez den tartean diru laguntza eskariak egin ahal ez dituzten herritarrak kontuan hartzea eta hau guztia egikaritzeko aurrekontu nahikoa egon dadin bermatzea eskatu du oposizioko taldeak.

Beste ordenantza batean ere aldaketak egitea onartu du aho batez udalbatzak. Tolosako hiri ekonomia indarberritzeko diru laguntzen oinarriak arautzen dituen ordenantza lege berrira egokitzeko eta testuak argiagoak izateko egin dira aldaketak ordenantzan. Hiru lerro nagusi jasotzen ditu: Berriz programa, ekintzailetza sustatzeko; Ekin programa negozio berrien irekiera bultzatzeko; eta Gune Biziak programa belaunaldi aldaketan eragiteko.

Kultura eta hiri ekonomia indartzeko

Osoko bilkuran azken kreditu aldaketaren berri eman du Begoña Tolosa Ogasun zinegotziak. Besteak beste, aurtengo eta hurrengo urteko bibliopiszina aurrera eramateko bi liburuzain berriren kontratazioa egiteko erabiliko da diruaren zati bat,  eta beste bat, TAK arraun klubari 8.000 euroko diru laguntza emateko, presa erabilgarri egon ez den denboran bidaietan egin duten gastua berdintzeko. Urteko bederatzigarren kreditu aldaketa da egin dena, oraingo honetan, 97.100 eurokoa. Horrekin batera, urteko lehen kreditu konpromisoa onartu dute EAJk eta PSE-EEk. EH Bildu kontra agertu da, "egoera ekonomiko ziur gabe honetan ez duelako zentzurik 2,1 milioi euro konprometitzea hurrengo legealdirako". Udal gobernuak erosi asmo duen pabiloiaren azterketa ekonomikoan ez dela ikuskapen teknikorik egin salatu du EH Bilduk. 

2022ko diru laguntzen eranskina aldatzeko beste proposamen bati onarpena eman diote zinegotziek bilkuran. Saskibaloi federazioari laguntza bat emango diote, 7.500 eurokoa, irailean emakumeen saskibaloi txapelketa Usabalen egin eta saskibaloi entrenatzaileei formakuntza eskaintzeko.

Bide batez, Euskal Herria plazako lehen zenbakian kokatuta dagoen eraikinaren erabilera, emakidan, Tolosako Ekinbide Etxearen esku uzteko proposamena ere aho batez onartu du udalbatzak, "kulturaren aldeko apustuan, Topic zentroak herriari egiten dion ekarpena kontuan izanda".

Bazterkeria egoeran daudenentzako gaueko zein eguneko arretarako zerbitzua, zerbitzu publiko gisa sortzeko erabakia behin betiko onartu dela jakinarazi du Olatz Peon alkateak. Uzturre egoitzan ematen diren zerbitzuen azken urteetako prezioen egokitzapena ere onartu dute zinegotziek. EH Bildu, ordea, kritiko agertu da udal gobernuak ez ziolako zehapenik ireki enpresa kudeatzaileari honek alde bakarrez prezioak igo zituenean. "Udal eskumeneko zerbitzu berri bat, eguneko zentroa, esku pribatuetan utzi du gobernuak 36 urterako, zaintza ereduaren eztabaida 9 legealdietarako lurperatuz. Hori da EAJren eredua, lankidetza publiko-pribatua deitzen diotena, diru publikoa jarri enpresa pribatu batek etekinak lortzeko", esan du Figeridok.

Bide batez, bi mozio ere jorratu dira azken osoko bilkuran: EH Bilduk aurkeztutakoa Osakidetzako herrietako anbulatorioen itxieraren aurkako eta osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko mozioa; eta EAJk eta PSE-EEk osasun publikoa indartzeko aurkeztutakoa. Azken hori onartu du udalbatzak, gehiengoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!