Tolosa "bakearen nazioarteko hiriburu" izango da

Ataria 2022ko uzt. 27a, 19:59

Ion Gambra, Jonan Basterretxea, Idoia Seijo, Beatriz Artolazabal, Olatz Peon eta Estitxu Zaldua.

Bakearen Nazioarteko Jardunaldia egingo dute Tolosan irailaren 17an, eta mahai ingurua, bakearen aldeko martxa, txotxongiloak nahiz abesbatzen kontzertua izango dira.

XX. Bakearen Nazioarteko Jardunaldia egiteko Euskal Herria hautatu du UNESCOk Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Zehazki, Tolosan egingo dute, irailaren 17an, Bakearen Nazioarteko Egunaren aurreko larunbatean. Bakea, kultura eta gazteria izango dituela oinarrian azaldu dute, eta abesbatzak eta txotxongiloak batuko dituzte.

1981ean urtean, Bakearen Nazioarteko Eguna izendatu zuen Nazio Batuen Erakundeak irailaren 21a, eta ordutik, bakearekin lotutako hezkuntza eta sentsibilizazio ekimenak biltzen dituen jardunaldia antolatzen du UNESCOk. Bada, urtero lekuz aldatzen da, eta gai jakin bat izaten du oinarrian. 2019an jardunaldi hau Gipuzkoan, eta zehazki Tolosan ospatua izateko hautagaitza bateratua aurkeztu zuten Topic-ek, Tolosako Ekinbide Etxeak, Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Tolosan izanik, abesbatzak eta txotxongiloak elkartuko zituen proiektuan pentsatu zuten. Hainbat hautagai izan ziren, eta azkenean Tolosakoak irabazi zuen. 2019ko irailean ospatu behar zen berez jaialdia Tolosan, baina, pandemiagatik atzeratu egin da, eta aurten egingo dute.

XX. Bakearen Nazioarteko Jardunaldiak arteak bakearen kulturarekin duen harremana aztertuko duela adierazi dute. Egitarau osoa irailean emango dute ezagutzera, baina aurreratu dutenez, hiru ekitaldi nagusi izango ditu. Goizean, Topic-en egingo den mahai-inguru batean artearen, gazteriaren eta bakearen arteko harremana aztertuko dute. Halaber, Tolosako hainbat puntutan txotxongilo tailerrak egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, Tolosako kaleetan bakearen aldeko martxa kultural eta herrikoia egingo dute, mundu osoan indarkeria bertan behera utz dadin eskatzeko. Munduko hainbat lekutatik etorritako bost abesbatzak, eta Euskal Herriko beste batek, ibilbidearen hainbat puntutan abestuko dute. Martxaren amaieran, Josu Elberdin konpositoreak egun honetarako konposatutako obra bat abestuko dute abesbatza guztiek, elkarrekin. Martxaren hasieran, bestalde, Jonan Basterretxeak, bere aitaren Bakearen usoa eskulturan oinarritutako txotxongiloa egongo da. Iluntzean, berriz, Leidor Aretoan abesbatza guztiek kontzertu berezia eskainiko dute, eta ekitaldi horrekin emango zaio amaiera ospakizunari.

Bakearen Nazioarteko Eguna Tolosan ospatzea aukera "paregabea" dela gizartean bakearen balioak sustraitzeko eta indartzeko esan dute ekitaldiaren antolaketan parte hartu duten erakundeek. Olatz Peon Tolosako alkateak, nabarmendu duenez, "Tolosa kulturari lotutako herria da, eta baita bakearen kulturari lotutakoa ere". Tolosak gatazka garaiak bizi izan ditu, indarkeria mota desberdinekin, baina aurrera egiten jakin dugu, elkarbizitzarako urratsak ematen, errespetutik, hausnarketatik eta elkarrizketatik abiatuta, eta erakundeek eta herritarren foroek bultzatutako ekimenen bidez". Horregatik uste du Tolosa "adierazgarria" dela bizikidetzaren arloan, eta baita kulturaren arloan ere. Peonen ustez, jardunaldiak aukera emango du bizikidetzaren arloan lanean jarraitzeko eta bakearen kultura sustatzeko, "giza eskubideen defentsan, etorkizuna  iraganetik ikasiz eraikitzeko". Kultura izango duela oinarrian bakearen kongresuak aipatu du, "herrian hain errotuak ditugun abesbatzak eta txotxongiloen eskutik", eta horrekin batera, gazteria; "bakearen eraikuntzan gazteak giltzarri direlako, orain nahiz etorkizunean".  

Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusiak "indarkeria urte gogorrak" bizi izan ditugula, eta "bakearen aldeko aldarria ozen oihukatzea" egokitu dela azken hamarkadetan adierazi du. Gipuzkoan, "era apalean" lanean ari direla "bakearen aldeko kultura" bultzatzen, eta Bizikidetza Lantzen programarekin ari diren 28 udalerri direla horren adibide esan du. "Indarkeria eta gatazka urteen ostean, beharrezkoa da oinarriak eraikitzea etorkizunean giza eskubideen urraketak errepikatu ez daitezen". Azken urteetan aurrerapauso "handiak" eman diren arren, asko geratzen dela egiteko eta erronketako bat belaunaldi berriak direla nabarmendu du; "ahalegin berezia egin behar dugu guk bizitakoa belaunaldi berriek bizi ez dezaten. Giza eskubideen ezagutza zabaltzea eta bakearen kulturan sakontzea ezinbestekoa da denon eskubideak errespetatuak izan daitezen".

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan, bestalde, bakeak "indarkeriarik eza baino askoz gehiago" izan behar du. "Printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan oinarrituta egon behar du”. Ildo horretan, nabarmendu du egungo testuinguru geopolitikoan "are eta zentzu handiagoa" duela jardunaldi honek, "bakeak gaur egun ere konpromisoak behar dituelako. Eta gure konpromisoak bi oinarri ditu gaur egun: kultura eta gazteria".

Topic zentroko zuzendari Estitxu Zalduak ere azpimarratu du artea dela bakea lortzeko sostengu nagusienetako bat: “Artea kulturen, ideologien eta kontrako pentsamenduen arteko lotura izan da, da eta izaten jarraituko du. Historikoki, ez da egon kohesioa, demokratizazioa eta bakea, bizikidetza eta batasun soziala oinarri dituzten ekimenak sustatzen ez dituen arterik. Horregatik, herritarren kohesioa bilatuko den egun honetan, txotxongiloen artea presente izango da".

Irailaren 17an, beraz, Tolosa "bakearen nazioarteko hiriburu" izango da egun batez. Egun horretarako ekitaldiak zehazten joango diren arren, dagoeneko mahai-ingururako nahiz kontzerturako gonbidapenak eskuragarri daude Bakea.eus webgunearen bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!