Gehigarria: osasuna eta jarduera fisikoa

Bizi kalitatea hobetzeko bidean

Ataria 2022ko uzt. 28a, 15:59

Era fisioterapia eta kirol zentroaren barnean, jarduera fisikoaren alorraz arduratzen dira Jon Azaldegi Lakuntza eta Julen Garcia Leiza. Jarduera fisikoan eta kirolean lizentziatuak dira biak.

 

Jendearen osasun orokorrera bideratutako zerbitzuak eskaintzen dituzte. Egunerokoan egiten diren ekintzak ahalik eta osasuntsuen eta funtzionalen egiteko lan egiten duten profesionalak dira. Besteak beste, zama lurretik jasotzea, zama nonbaitetik hartzea, bultzatzea, gorputza biratzea...

Beraien lanaren oinarria indar entrenamendua da. «Entrenamenduak ahalik eta gehien pertsonalizatzen ditugu, bakoitzak dituen helburuetara iristen saiatzen gara, maila fisikora eta gaitasunera mugatuz», azaldu dute.

Egiten duten lehen gauza bezeroarekin elkarrizketa bat izatea da. Helburuak jakin eta gaitasunak baloratzen dituzte. Horren arabera, jaso dezaketen zerbitzu egokiena gomendatzen diete eta hortik aurrera saioekin hasten dira.

Batetik, entrenamendu pertsonalak eskaintzen dituzte, gehienez bi pertsonako taldeetan. «Pertsona bakoitzak markatzen diogun saioa egingo du, nahiz eta gela bera konpartitu». Eta bestetik, saio gidatuak egiten dituzte, bi pertsonatik gora, baina talde murriztuetan. Indar entrenamendu funtzionalak dira saio gidatu horiek, osasun orokor batera gidatuta daudenak. «Horietan ere, kontuan hartzen dugu gure zentrotik kanpo zer kirol egiten duten».

Mina duen jendeak, esaterako, berreskurapen lan bat egin beharko du minik izan ez dezan, eta ariketa «oso pertsonalizatuak» jarriko zaizkie entrenamendu pertsonalen bidez. Aldiz, minik gabe doana, edo gabezia edo ahulgune markaturik ez duena, zuzenean indar entrenamendu funtzionaleko talde batera sartuko da.

Ariketen progresio logiko bat zehazten dute eta ariketak teknikoki ahalik eta txukunen egin ditzatela arduratzen dira, besteak beste, ariketen exekuzioan arriskuak ekiditeko eta erarik seguruenean egiteko.

Finean bi dira helburuak: bizi kalitatea hobetzea eta osasunera bideratutako saioak egitea. Bidelagunak dira Azaldegi eta Garcia; jarduera fisikoa egiten laguntzen diote pertsonari. «Behar duten hori egin dezaten gaude gu hemen; askok pentsatuko dute ariketa bat ondo egiten ari direla, ari ez direnean; edota lau ariketa ezberdin egingo dituzte eta ez dira ohartuko helburu berdina duten ariketak alferrik egiten ari direla». Horregatik dira bidelagunak, horregatik dira profesionalak.

ERA KIROLA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!