Gehigarria: osasuna eta jarduera fisikoa

Belarriak garbi, argi entzuteko

Ataria 2022ko uzt. 26a, 09:59

Jendeari hobeto entzuten laguntzeko helburuarekin, Alto y claro entzumen osasuna zaintzeko zentroa ireki zuen urte hasieran Iker Anduezak, Tolosako Rondilla kalean, Trianguloa plazara begira. Gertuko zerbitzua eta pertsonala eskaintzen du. «Bezero bakoitzari behar duen denbora eskaintzen diogu; bakoitzari behar duena jartzen diogu, eta ez guk nahi duguna», argitu du.

Lotarako, edota dutxarako tapoiak egiteaz gain, igerilekurako ere egiten dituzte; guztiak ere, neurrira egindakoak dira. Azken horien bila bezero ugari gerturatu direla adierazi du: «Udan izaten dira arazo handienak belarrietan. Belarrietan ura sartzeko aukerak areagotzen dira, eta horrek infekzio eta gaixotasun larriak (Otitisa, adibidez) ekar ditzake».


Horiez gain, soinuarekin lan egiten dutenentzako ere tapoiak egiten dituzte. «Musika taldeetan edota txarangetan jotzen duten batzuk gerturatu izan dira. Tapoi batzuek erabat kentzen edo estaltzen dute inguruko soinua, eta beste batzuek guk aukeratutako frekuentziak jaistea lortzen dute, iragazki batzuen bitartez».

Jarduera fisikoa egitera joatean, arrisku egoerak edo istripuak ekiditeko, belarriak osasuntsu izatea beharrezkoa dela gogorarazi du Anduezak. «Goi mailako txirrindulariekin eta auto zein moto gidariekin lan egiten dugu, eta entzungailuak erabiltzen dituzte, entzumena ez kaltetzeko. Badira ere horrelako aparatuak erabiltzen dituzten korrikalariak eta futbolariak».

Gorputzeko beste zenbait atalen moduan, belarriek ere zainketa behar dutela esan du Anduezak. «Bigarren plano batean daude; jendeak ez die behar besteko garrantzirik emate n. Begiak edo hortzak begiratzera joaten garen moduan, ezinbestekoa da noizbehinka belarriak nola ditugun ikustea. Belarriei lotuta gaixotasun asko daude, eta 50 urtetik aurrera, urtean behin azterketa egitea komeni da». Arazoak garaiz detektatzea «garrantzitsua» da bere ustez. «Berandu antzemanez gero, zailagoa da irtenbidea topatzea».

Belarriko mina «min oso gogorra» dela nabarmendu du Anduezak. «Hori ekiditeko, argizaria belarri-zuloetatik behar bezala kentzea da lehen urratsa, edo behintzat, etxean egin daitekeena». Horretarako, baina, kotoi-zotzak erabiltzea «egin daitekeen gauzarik okerrena» dela esan du. «Dutxatik ateratzen garen bakoitzean, zapi bat belarri-zuloetatik pasa, eta ahalik eta argizari gehien kentzen saiatu behar gara. Kontuz ibili behar da, argizari hori belarri-zuloetan barrurago sartu ez dadin», aholkatu du.

 
ALTO Y CLARO

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!